Lugar de la noticia: 
Beasain

Bideluzen egitekoak ziren, baina euriagatik Plazapen jarri dituzte postuak. Bertako produktuekin egindako pintxoak jarri dituzte salgai, besteak beste.

Gipuzkoako Basherri kontsumo taldeen sareak urtero topaketa bat egiten du, eta aurten Goierri aukeratu dute. Beasaingo plazaren azpiko arkupeetan elkartu dira, euritik babesteko. Hainbat salmenta postu jartzeaz gain, bertako produktuekin egindako pintxoak saldu dituzte goizean zehar: urdaiazpiko tortila, gazta, barazkiekin egindako modakuak… Zarauzko talde bat arduratu da pintxoak prestatzeaz, plazan bertan.

Goierriko hainbat ekoizle izan dira topaketan: Ezkio Itsasoko Urkulegiko Gorka Sasieta, Ariztizabaleko Xabi Akizu, Ataungo Pili Eskisabel, Olaberriako Arimasagasti gazta… Sasietaren hitzetan, “oso giro polita sortu da plazan, eta jendea animatu egin da eguraldi txarra egin arren”.

Bost saski prestatu dituzte kontsumo taldeetako produktuekin. Pintxoak erositakoan baleak emango dizkiote jendeari, eta bale horiekin saskien zozketan parte hartu ahal izango dute.

Arratsaldean antzerkia

Babarrun lehiaketa ere antolatu dute. Zortzi kontsumo talde arduratu dira bakoitzak babarrun kilo bat prestatzeaz, eta plaza osoan zabaldu da eltzeetako usaina. 14:30ean bazkarri herrikoia egingo dute babarrun horiekin. Arratsaldean, berriz, antzerki emanaldi bat izango dute: Iruñeko Txoriburu.

Guztira 60 kontsumo talde inguru daude Gipuzkoan. Baserritarren eta erosleen artean bitartekaririk gabeko harremana ahalbidetzea da kontsumo taldeen helburua. Gaurko topaketaren helburua, berriz, herritarren artean kontsumo taldeen inguruko informazioa hedatzea eta ezagutzera ematea.

GOIERRI HITZA