Lugar de la noticia: 
Gipuzkoa

«Elikadura gizakion oinarrizko eskubidea da eta gai politikoa da, dudarik gabe; elikagaiak jasangarritasun irizpideak jarraituz ekoiztea eta kontsumitzea ekintza politiko eta erreibindikatiboa da». Balio horiek guztiak kabitzen dira astez aste Basherri Sareko kontsumo taldeetan banatzen diren otar, kaxa eta poltsetan.

Arratsaldeko zazpiak bost gutxi dira eta herriko plazan pertsona multzo anitza biltzen ari dela sumatzen dugu: bikote gazteak, familiak haur txikiekin, emakume helduren bat edo beste… guztiek, eskutan, erosketak egiteko poltsa handiak daramatzate. Hurbiltzen bagara, agian azalorea prestatzeko errezeta berria partekatzen ari direla entzungo dugu. Agian, azak atzeratzen ari direla kontatuko dio batak besteari. Edo beharbada, azken euriekin, baratzean arazoak izaten ari direla. Edo datorren asteburuko auzolanera hurbiltzeko autoak nola antolatuko dituzten eztabaidatzen entzungo ditugu. Guztiak Basherri Sareko kontsumo talde bateko kideak dira, eta astero-astero inguruan ekoitzitako elikagaiak jasotzen dituzte beraien baserritar hornitzailearen eskutik. Hementxe dator. Plazara heldu, furgoneta ireki eta taldea osatzen duten familia horientzat landu eta jaso dituen barazkiekin prestatutako otarrak, kaxak edo poltsak banatuko ditu.

Osasuna baino gehiago

Honen antzeko eszenak gero eta maizago ikusten ditugu gure auzo eta herrietan, Basherri Sareko taldeak han-hemenka ugaltzen ari baitira. Zergatik fenomeno hau? «Jaten dugunak sortzen digun kezka handitzen ari da», dio Aintzira Oñederrak, burujabetzaren bidea lantzen ari den mugimendu honetako bozeramaileak.

«Jaten dugun hori nondik dator? Nork eta nola produzitu du? Zein lan baldintzapean? Nork irabazten du eta nork galtzen du elikagaiak erosten ditugun bakoitzean? Gure diruarekin zer bultzatzen edo defendatzen ari gara? Norberak bere buruari hori guztia galdetzen dionean, eta erantzun egokirik ez duela ohartzen denean, elikadura kontsumo ohiturak aldatu behar dituela ohartzen da».

Kontsumo taldeak horrelako galderei zentzuzko erantzun bat emateko modua dira. «Herritarren eta baserritarren artean konfiantzazko harreman egonkor bat eraikitzeko balio dute, bien beharrak asetzeko modu etikoa eta logikoa dira», azaldu du Oñederrak Basherri Saretik.

Alegia, «kontsumitzaileak garaian garaiko elikagai ekologikoak eskuratzen ditu, bertakoak, barazkiak eta baita bestelako produktuak ere: ogia, arrautzak, haragia… Trukean, baserritarrak segurtasuna irabazten du, hilero diru sarrera finko bat izango duela jakin badaki, bere produkzioa hobeto planifika dezake, eta, gainera, bere lana garrantzitsua dela sentitzen du». Azken finean, baserri mundua azken hamarkadotan pairatzen ari den beherakada kontuan hartuta, «baserriaren bideragarritasuna eta etorkizuna bermatuko duen aukera dira kontsumo taldeak».

Guztiontzat onak

Kontsumo taldeko familiek eta baserritarrek dituzten onura partikularretatik harago, elikadura kontsumo eredu berri bat eraikitzen ari da Basherri Sarea. Elikaduraren industriari eta honek ekarri dituen arazoei aurre egiten dien eredua da: osasunarekin lotutako eskandaluak, produkzioaren deslokalizazioa, lan baldintza duinen galera, paisaiaren homogeneizazioa, lurraren kutsadura, baita garraioak eragindakoa ere….

«Hiritarrak horrekin kezkatuta edo haserretuta gaude, eta elikadura kontsumo ohiturak aldatuz asko egin daitekeela ohartzen ari gara: bertan ekoitzitako elikagaiak hobesten ditugunean gure ekonomia sendotzen ari gara, gure herriak defendatzen, ingurumena zaintzen, eta, noski, gure familiaren osasuna ere hobetzen ari gara», diote Basherri Sarean.

«Elikadura gizakion oinarrizko eskubidea da eta gai politikoa da, dudarik gabe; elikagaiak jasangarritasun irizpideak jarraituz ekoiztea zein kontsumitzea ekintza politiko eta erreibindikatiboa da, gizatasuna galdu duen industria globalizatu bati aurre egiten diona. Desorekari eta justizia faltari aurre egitea da, elikadura burujabetzaren bidetik».

Nola parte hartu?

Egun, 60 bat Basherri talde eta kooperatiba daude Gipuzkoako eskualde guztietan. Auzo eta herri mailan sortu dira batzuk, baita lantegietan ere. 15-30 familia inguruk osatzen dituzte taldeak eta, guztira, 1.200 otar banatzen dira. Kontsumo arduratsu honetan parte hartu nahi izatea da abiapuntua.

Produktua dastatzeko eta taldearen dinamika ezagutzeko, bi hilabeteko proba egiten dute hiritarrek. Aurrera egitea erabakitzen badute, urtebeteko konpromisoa eskatzen zaie, hori baita baserritarrari segurtasuna emateko bidea. Otarrak taldean adostutako toki, egun eta ordutegi zehatz batean banatzen dira astero. Gainera, herritar eta baserritarraren artean eraiki nahi den harremana ez da salerosketa hutsa: taldean bilerak egiten dira, baserrira bisitak antolatzen dira eta auzolanak ere.egiten dira. Baratze eta baserriaren errealitatea gertutik ezagutzea da azken xedea, hori baita sentsibilizaziorako eta konpromisorako bidea.

Basherri Sarean parte hartu nahi duten herritarrek 615767086 telefonora jo dezakete edo basherriak@gmail.com helbidera. Beren inguruko taldeetara bideratuko dituzte, lekurik ez badago itxarote zerrendan sartuko dituzte, eta, leku berean eskaera desberdinak baleude, talde berria sortzen lagunduko du Basherri Sareak. Kontsumo talde bat sortzeko interesa duen baserritarra ere jar daiteke Basherri Sarearekin kontaktuan –egun, 70 baserritar daude sarean–. Kasu horretan, kontsumo talderik ez den inguruko herri edo auzo batean taldea sortzen ahaleginduko da Basherri Sareko lantaldea, herritarrak bildu, harremanetan jarri eta taldearen egituraketan lagunduz.

NAIZ