Lugar de la noticia: 
Mungia

Duela bi aste Bidasoaldean bizimodu iraunkorra eta bertoko produktu ekologikoen kontsumoa sustatzen duen Bidazi Elkartea bezala, gaurkoan Bizkaian hamar urte lanean ari den Butroi Bizirik Trantsizioan (BBT) Mungiako elkartearen berri ematera gatoz, Uribe Butroe eskualdea era jasangarrian garatzeko lan egiten duena eta Ekokontsumo Federazioko kidea.

Jatorrian, ingurumenaren zaintzan jarduteko Butroi Bizirik taldea sortu zen 2007an. 2012an trantsiziorantz doazen herri eta hirien mugimenduaren berri izan zuten. Haren filosofia eta izaera praktikoa aintzat hartuta, Butroi Bizirik taldearen planteamendua eta lan egiteko modua aldatu zen, Butroi Bizirik Trantsizioan izatera pasatuz.

Trantsizio mugimenduek etorkizunari modu positiboan begiratzen diote, aldaketa klimatikoa, krisi ekonomikoa eta petrolioaren gailurraren ondorio negatiboen aurrean, biziraupen gaitasuna eta tokiko ongizatea handitzeko ekimen berriak garatuz. Rob Hopkinsen eskutik hasi zen Trantsizio mugimendua Totnes herrian, Ingalaterran, eta gaur egun mundu mailakoa da. Gureaz gain, Euskal Herrian badugu beste adibide bat Gipuzkoako Orendainen.

BBTn tokiko bizimodua berreskuratu nahi dute, ekonomia etiko, bidezko, solidario eta ekologikoa bultzatuz. Ingurumenarentzat eta gizartearentzat desiragarria dena ekonomikoki ere bideragarria izatea nahi dute: «Horregatik, inguruan ditugun pertsonen gaitasunak aktibatu nahi ditugu, guztion probetxurako. Horrela, gaur egun bizi dugun kapitalismo eta kontsumismo basatiaren aurrean alternatibak eraiki nahi ditugu. Gure proiektuek gizartearen eta norbanakoen transformazioa dute helburu: elikadura, energia eta teknologia burujabetza, jasangarritasuna eta ingurugiro-hezkuntza bultzatzen ditugu».

Erabakiak modu asanblearioan hartzen dituzte, nahiz eta koordinazio-taldeak BBTren energia eta norabideari eusten dion urtean zehar. Hainbat ekimen eta proiektu bultzatzen ditu BBTk, hiru arlotan banatuta: elikadura, komunitatea eta ingurumena. Elikadurak garrantzi handia dauka BBTren jardunean. Esparru hau lantzeko duela zenbait urte sortu zen kontsumo arduratsurako taldea. Taldeko bazkide guztiek BBTren lokalean produktu ekologikoak, bertokoak, bidezko merkataritzakoak, garbiketa eta kosmetika naturalekoak... eskuratu ditzakete. Baita astero inguruko hainbat ekoizle ekologikok prestatzen dituzten produktu-sortak ere. «Azken batean, etxEKO produktuak ditugu gustuko, ahalik eta gertuen sortuak eta era ekologikoan. Horregatik eskualdean dauzkagun ekoizleak bultzatzen saiatzen gara, bisitak egiten dizkiegu beraien jarduna bertatik bertara ezagutzeko, baita tailerrak, katak eta hitzaldiak antolatu ere, elkar ezagutza eta konfiantza indartzeko asmoz», azaldu dute.

Trantsizioaren mugimenduak gizarte-saretzea eskatzen du, etorkizunean gertatuko diren aldaketei aurre egiteko indarrak eta jakintzak pilatzea ezinbestekoa izango baita: «Horregatik, eskualdeko beste proiektu eta elkarteekin elkarlanean dihardugu, besteak beste, eskola jantokietako autogestioaren alde borrokatuz. Saretze-lan horretan, guztiz zentzuzkoa zen pauso bat eman dugu berriki, Ekokontsumo Federaziora batuz. Sarean lan egiteak onura eta aukera berri asko zabalduko dizkigula sinetsita eman dugu pauso hau». Horrela, dagoeneko sei elkarte daude Ekokontsumon: BBT (Mungia), Bidazi (Lesaka), Lurgozo (Gernika), Otarra (Donostia), Marisatsa (Durango) eta BioAlai (Gasteiz). Apurka-apurka sarea handituz doa, eta dagoeneko 2.000 familiatik gora daude bertan. 

Informazio gehiago nahi duenarentzat, Mungian lokala dute (Ibaigane kalea 10, Mungia) asteazken eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara zabalik. Webgunean ere informazio zabala eskaintzen dute: www.butroientransicion.org. Eta butroientransicion@gmail.com helbidean ere topatuko dituzu zalantzarik izanez gero.

NAIZ