Urte hasieran 8.600 lanpostu galdu dira, horietatik 5.600 eraikuntzan
En el principio de año se han perdido 8600 puestos de trabajo, de ellos 5600 en la construccion.
Martxoan abenduan baino 1.400 langabe gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %8,9koa da
Aurreko hiruhilekoan sortutako lanpostuak baino gehiago suntsitu dira
Urte hasierako datuek zapuztu egin dute iazko urte amaierako itxaropena. Iazko azken hiruhilekoan, 3.400 lanpostu garbi sortu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urtebeteko joera hautsi eta enpleguaren galera eten egin zen. Orduan Administrazioko eta patronaleko ordezkariek esan zuten hurrengo datuen zain egon behar zela, joera aldatu zen edo ez ikusteko. Oraingoz ez da aldatu joerarik. Aurtengo lehen hiruhilekoan 8.600 lanpostu garbi galdu dira.
Eta langabeziak hazten jarraitzen du. Langabezia tasa %8,9koa da, aurreko hiruhilekoan baino 0,2 puntu eta iaz baino 1,2 puntu gehiago, Eustaten arabera. Atzo kaleratu zuen biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta. 91.800 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko abenduan baino 1.400 langabe gehiago daude, eta iaz baino 11.800 gehiago. Populazio aktiboa 7.200 lagunetan murriztu da, %0,4.
1. Galera eraikuntzan
Aurtengo lehen hiruhilekoan lanpostu gehien galdu dituen sektorea eraikuntzarena izan da. 5.600 lanpostu guztira; aurreko hiruhilekoan, aldiz, 1.700 lanpostu sortu zituen.
Gauza bera gertatu da industrian. Aurreko hiruhilekoan industria izan zen lanpostu gehien sortu zituen sektorea, 3.200. Albiste pozgarria zen, krisiaren ondorioz industrian galdu baitira lanpostu gehien. Baina aurtengo lehen hiruhilekoan aurrekoan sortutakoak baino gehiago galdu ditu, 3.700.
Enpleguak berreskuratu dituen sektore bakarra zerbitzuena izan da, 1.100 lanposturekin.
2. Araba
Arabak izan du langabeziaren hazkunderik handiena, %0,9koa. Aurreko hiruhilekoan baino 1.700 eta iaz baino 2.800 langabe gehiago ditu. Langabezia tasa %11ra iritsi da, eta %11,2koa du.
3. Bizkaia
Aurreko hiruhilekoan baino 1.800 langabe gehiago ditu, 52.000 guztira. Langabezia tasa %9,5ekoa da.
4. Gipuzkoa
Gipuzkoa izan da langabezia murriztu duen probintzia bakarra. Aurreko hiruhilekoan baino 2.100 langabe gutxiago ditu eta %6,6ko langabezia tasa du, puntu erdi txikiagoa. Hala ere, aintzat hartu behar da Gipuzkoak galdu dituela lanpostu gehien, 5.700 guztira.
5. Sexuka
52.200 gizon daude lanik gabe (%9,1). 39.600 emakume (%8,6). Langabezia tasak hiru hamarren eta hamarren bat igo dira, hurrenez hurren. Gizonek galdu dituzte lanpostu gehien, 7.700; emakumeek, berriz, 900. Hau da, lana galdu duten hamar langiletik bederatzi gizonak dira.
6. Kontratuak
Enpresarioek esan ohi dute oso zaila eta garestia dela langileak kaleratzea. Kontratu malguagoak eskatzen ari dira, kaleratutako langileei kalte-ordain txikiagoa ordaintzera behartuko lituzkeena. Eustaten datuen arabera, baina, lanpostua galdu duten gehienek kontratu mugagabea zuten. Aurreko hiruhilekoan baino 10.500 gutxiago dira kontratu mugagabea zutenak. Iazko datuekin alderatuta, ordea, aldi baterako kontratuak murriztu dira gehien.
7. Helduak kalera
Adierazgarria da kopuru absolutoetan langabeziaren hazkunderik handiena 45 urtetik gorakoen artean izan dela, bai aurreko hiruhilekoarekiko, bai iazko datuekiko. Hala ere, langabezia tasarik handiena gazteena da: lana egin nahi duen 16-24 urte arteko lau gaztetik bat langabezian dago.
8. 27.900 familia
Hiru etxetik batean ez dute pertsona aktiborik. Etxeko kide guztiak langabezian dituzten etxeak, berriz, %3,3 dira. Portzentaje apala dirudi, baina 27.900 familia dira, iaz baino 6.100 gehiago.
Hiru etxetik batean ez dago pertsona aktiborik, hau da, lanean, lan bila edo lan egiteko prest.
9. Erreakzioak
Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuarentzat datuak «etsigarriak» dira, halako emaitzak espero zituzten arren. Eusko Jaurlaritzak uste du langabezia tasa %10 inguruan mantenduko dela urte amaieran. Agirrek nabarmendu zuen krisia gainditzeko enpleguaren sorrerak «sendoa» eta «egonkorra» izan behar duela.
Iturria: Berria


Comentarios
Enviar un comentario nuevo