Nola eraiki guztion artean bizitza bizigarriagoak?

Buscador de recursos

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

Kapitalismo heteropatriarkalak itxuraz harmonian dauden bi eremu dikotomikoz –produkzioarena eta ugalketarena– osatutako mundua aurkezten digu, baina tentsioz beteta dago mundu hori.

Esaten digutenean eremu produktiboak soilik sortzen duela aberastasuna eta handitzen duela BPGd-a, guk honako hau erantzuten diegu: etxeak ondasunen eta bizitzarako funtsezko zerbitzuen ekoizleak direla eta analisi ekonomikoetan sistematikoki ahazten dituztela; ikusezintasun horrek ondorio txarrak ditu emakumeen bizitzetan. Txarto banatutako zainketa-karga handiek gaixotzen eta pobretzen gaituzte, eta, gainera, mugatzat jotzen dituzte feminizatutako eta txarto ordaindutako sektoreetara zokoratzen gaituen lan-merkatu baztertzailean.

Esaten digutenean hazkunde ekonomikoa gizarte osoaren onurarako dela eta hazteko modurik onena gehiago ekoiztea dela, hauxe gogorarazten diegu: alde batetik, merkatuaren funtzionamendu askeak ez diela pertsona eta herri gehienen beharrei erantzuten; eta, bestetik, mundu mugatu honetan hazkundea desiragarria eta posiblea delako ideiak ez duela inongo zentzurik.

Merkatua autonomoa dela, autorregulatzen dela eta pertsonok aukeratzeko eta horretan mugitzeko askeak garela errepikatzen digutenean, hauxe erantzuten diegu: emakumeen esku utzi dela bizitzaren iraupenaren eta zainketaren ardura. Gainera, geure buruari galdetzen diogu nork zainduko lukeen bizitza, bai gizonok bai emakumeok askatasun osoz parte hartuko bagenu merkatuan.

Eta esaten digutenean bizitza ezin dela ekonomiaren erdigunean egon, hau erantzuten diegu: ekonomia bizitza kudeatzea dela, eta, hain zuzen, bizitza horren iraunkortasuna egon beharko litzatekeela ekonomia-esparruko analisien eta erabakien erdigunean.

Argi dugu patriarkatua eta kapitalismoa zalantzan jartzea eta horri aurre egitea funtsezko elementuak direla alternatibak eraikitzeko. Gainera, uste dugu ekonomia solidario eta feminista eraikitzeko, jarduteko moduak aldatzeaz gain, gu geu ere aldatu behar garela, baita gure erakundeak ere.

Nondik has gintezke? Hamabi proposamen aurreratu eta partekatuko ditugu (gutxienez)…

1. Gure ingurua sentsibilizatzea eta kontzientzia kritikoa sortzea. Geure burua heztea eta gaitzea.

2. Ekonomia solidarioko lagunak maskulinitatearen nagusitasuna berraztertzen hastea; horrek genero-pribilegioak zalantzan jartzea eta horiei uko egitea eskatzen du.

3. Geure barnekoari begiratzea. Emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoak egitea gure erakundean, desberdintasunak non dauden antzemateko eta horiek ezabatzeko ekintza zehatzak ezartzeko.

4. Emakumeen ahalduntze-prozesuak sustatzea. Geure buruari galdetzea: non daude eta non parte hartzen dute gure erakundeko emakumeek? Kristalezko sabaia dago edo erabakiak hartzen diren espazioetara heltzeko zailtasunak daude? Zer parte-hartze eredu mota ditugu?

5. Gure lan-prozesuak eraldatzea. Plan operatiboak diseinatzea. Planek gure kausak iraunkor egiten dituzten lan guztiak barne hartu beharko lituzkete, eta geure buruari galdetu beharko genioke nork egiten dituen lan horiek, nola ordaintzen diren eta abar.

6. Gure antolaketa-kultura berraztertzea, gure erakundeetan nagusi diren balioak aztertzea. Askotan, «militantzia heroikoa» delako ideiak erakundeak kutsatzen ditu, eta ordu asko lan egiten duten pertsonak balioesten eta saritzen dira, hain zuzen, inoiz ezetz esaten ez dutenak, inoiz nekatzen ez direnak eta sentiberak ez direnak. Hau da, bizitzaren eta bizi-proiektuaren helburu nagusia lan egitea dela uste dutenak.

7. Soldaten eztabaida mahaira ateratzea. Ordainsaria ekarritakoaren balioaren aintzatespena dela uste dugu? Edo pertsonen bizitzeko beharrei erantzuteko modua dela uste dugu? Aitortu eta ordaintzen diren lanak daude? Eta aitortzen eta ordaintzen ez direnak?

8. Begirada aniztasunera zuzentzea; sexu-, orientazio- eta identitate-aniztasuna ikusgarri egitea, baita aniztasun funtzional eta kulturala ere. Gainera, identitateek, bizi-baldintzek eta sistema sozioekonomikoaren posizio desberdinek konplexuago egiten dituzten desberdintasunen (klase sozialarekin, etniarekin, arrazarekin, sexu-orientazioarekin edo dibertsitate funtzionalarekin lotutakoak) gainjartzea kontuan hartuko duen ikuspuntua hartzea.

9. Hizkuntza eta irudiak zaintzea eta modu inklusiboan erabiltzea.

10. Gure erakundeetan indarkeria matxistaren aurkako protokoloak sortzea eta erantzunak sistematizatzea. Sotil eta ikusezinenetatik (komentario matxistak, iritziak gutxiestea, lana ikusezin egitea…) sexu-jazarpenarekin eta sexismoarekin lotutako portaeretara.

11. Ingurunea zaintzeaz arduratzea, hain zuzen, gure aztarna ekologikoaz.

12. Ekonomia solidarioaren erakundeetako feministen arteko sareak eta elkartasuna ehuntzea, baina baita mugimendu feministaren erakundeekin ere, estrategia komunak martxan jartzeko.

Litekeena da hori guztia nahikoa ez izatea. Garrantzitsua da ikuspuntuak biltzea eta adostea; izan ere, botere-erlazioak erabat konplexuak dira. Baina argi dago premiazkoa dela. Egin dezagun. Elkarrekin lan egin dezagun.

Azkenik, Bilboko Koordinakunde Feministak antolatutako lan-, zainketa- eta kontsumo-etenaldian parte hartzera animatu nahi zaituztegu, 12:00etatik 12:30era Kale Nagusiaren eta Urkixo Zumarkalearen arteko izkinan (Corte Inglés-en aurrean), baita gure kaleak beteko dituzten manifestazioetan ere . Martxoaren 8an, #NosotrasParamos.

ekoSolFem. REAS Euskadiko ekonomia solidario eta feministaren taldea 

Archivos adjuntos:

Paro-etenaldia_0.jpeg