Pertsonak ez al ziren lehenengo?

NULL

Buscador de recursos

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

NULL

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu lege proiektuan murrizketa handiak iragartzen dira 2013 urterako garapenerako lankidetzan. Murrizketa horiek gauzatuko balira, eraso handia jasoko lukete pobrezia eta desberdintasunaren aurkako politikek, pobrezia eta desberdintasunaren arrazoiak eta ondorioak salatu eta gainditzeko baliabideak proposatzen dituzten politikek alegia. Euskal lankidetza Estatu mailako erreferentea izan da azken 25 urteotan. Ez bakarrik Euskadiko erakunde publikoek lankidetzara bideratu duten diru kopuruagatik, baizik eta gauzatu diren politiken kalitateagatik ere. Epe luzeko prozesuak bermatu dira eta emakumeen eskubideak, genero ekitatea eta emakumeen jabekuntzaren konpromisoaren aldeko islada izan direlako hain zuzen. Euskadin, azken urteetan, garapen eta hazkunde ekonomiko garrantzitsu bat ezagutu dugu eta aldi berean lankidetzako politika eta ekintza ugari jarri dira martxan. Errealitate ekonomiko hori erabat aldatu da eta gizartearen sektore askoren egoera oso latza bilakatu da tamalez.

Lankidetzako eredua eta ibilbidea aitortzeko helburuarekin, krisi ekonomikoan erabat murgilduta geundela, Euskadiko Lankidetza Kontseiluak, aurrekaririk gabeko adierazpen instituzional bat onartu zuen lankidetza deszentralizatuaren alde. Bertan, lankidetzako politikaren ibilbidea defendatzeko konpromisoa adierazten zen eta bide batez, bere kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko apustua egiten zen, errekurtso eta finantziazio bide egonkorrak mantentzeko, etorkizun batera begira, %0,7ari uko egin gabe.

Aldiz, errealitateak jakinarazten digu, aurrekontu honen onarpenak, 2007. urteko Lankidetzako Legea urratuko lukeela, bertan adierazten baita 2012. urterako Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu totalaren %0,7a lankidetzako politiketara zuzendu behar duela. Proiektu honetan aldiz, 2013. urtean aurrekontu totalaren %0,35a bideratuko dela adierazten da. Honek suposatzen du Eusko Jaurlaritzako aurrekontutik, Euskadiko biztanle bakoitzeko urtean 23€ lankidetzara zuzendu beharrean, 14,50€ bideratuko direla nazioarteko elkartasun politiketarako.

Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiei eskatzen diegu, nazioarteko elkartasunaren alorrean aurretik hartutako konpromisoak manten daitezen exijitu dezatela, krisiak eragindako egoera zail hauetan bereziki azpimarratu behar ditugulako gizarte bezala ditugun oinarrizko baloreak. Edozein kasutan, jabetzen gara, Eusko Jaurlaritzak dauzkan zailtasunetaz, jakin badakigulako ez dela erreza aurrekontuak ixtea diru sarreren murrizketa nabariaren ondorioz. Hori dela eta uler dezakegu lankidetzako partida murriztea ere, baina hori bai, gehienez, aurrekontu osoaren murrizketa portzentai bera aplikatuz.

Orain dela gutxi, euskal elkartasunaren diru laguntzaren bidez Sierra Leonan gauzatzen den lankidetza proiektu bateko onuradun batek honakoa esan zigun:  “Lankidetzako dirua ez dugu nahi estadio handiak, jauregiak edo bestelako azpiegiturak egiteko… garatutako herrialdeek orain dela asko bereak dituzten eta oinarrizkoak diren gauzetarako baizik; hezkuntza eta osasunerako alegia”.

Lankidetzan ematen diren murrizketek, eragin zuzena dute pertsonengan: hezkuntzan, osasunean, gizon-emakumeen arteko ekitatea bultzatzeko ahaleginetan, eremu publikoetan parte-hartzean, edateko ura lortzeko gaitasunean eta saneamendu sistemetan, gosearen aurkako borrokan eta hauen jatorrian… hots, herrialde txirotuetan muturreko pobrezian eta ezberdintasun egoeran bizi diren milaka pertsonengan. Kaltetuta suertatuko dira halaber Euskadiko herritarrak sentsibilizatzeko eta mundu justuago bat lortzeko gure inguruan abian jartzen ditugun ekimenetan. Gizabanako guztien defentsa bultzatzen baita, lankidetza deszentralizatuaren bidez, hau da gobernu autonomiko, aldundi zein udal erakundeetatik gauzatzen den lankidetza politikatik.

Pobreziarekin eta desberdintasunarekin kezkatutako euskal gizarte engaiatu eta solidarioaren ahaleginari esker, orain arte egin diren lankidetzako politika publikoak euskal herritarren ondarea dira, eta euskal herritarrak harro daude elkartasun arloan Euskadik hainbeste urtean izan duen lidergoagatik. Horregatik hain zuzen, ezin zaio gizarteari kendu herritar, alderdi politiko, gizarte antolakunde eta erakunde publikoen arteko adostasunari esker hainbeste denboran lortu dena. Ezinezkoa da pertsona baztertuenekiko elkartasunari uko egitea. Pobrezia eta bazterkeriarekin bukatzea gauza egingarria da eta ez hori bakarrik, obligazio etiko eta politikoa ere bada jendearen giza eskubideak bermatzeko. Euskadiko beste erakunde eta Europako beste herrialde batzuk (Danimarka, Britaina Handia eta Irlanda besteak beste) adibidetzat erakusten ditugu ikusarazteko borondate politikoarekin aurrekontuak onartzea posible dela elkartasunari uko egin gabe.

Euskadiko garapenerako GKEen Koordinakundea