Varios

Desazkundea eta bizitze ona sarearen ibilbide kolektiboa

“Hedatzen ari den ekonomia batek ematen dituen ondasunek eta zerbitzuek gizakien ongizatea hobetzen laguntzen dute, baina neurri batera arte. Hortik aurrera, hazkundearekin lotutako gizarte- eta ingurumen-kostuek duten eragina hain da handia, ezen ongizate-maila murrizten baita (…), gizakien ongizateari laguntzeari utzi eta kaltegarri bihurtzen da. Hori dela eta, ezinbestekoa da garapen-eredua aldatzea: ekoizteko, kontsumitzeko, lan egiteko, […]

16 enero 2017
Etiquetas:

Buscador de noticias

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

NULL
NULL

Hedatzen ari den ekonomia batek ematen dituen ondasunek eta zerbitzuek gizakien ongizatea hobetzen laguntzen dute, baina neurri batera arte. Hortik aurrera, hazkundearekin lotutako gizarte- eta ingurumen-kostuek duten eragina hain da handia, ezen ongizate-maila murrizten baita (…), gizakien ongizateari laguntzeari utzi eta kaltegarri bihurtzen da. Hori dela eta, ezinbestekoa da garapen-eredua aldatzea: ekoizteko, kontsumitzeko, lan egiteko, bizitzeko… beste modu bat”. (Jorge Riechman).

Badira hamarkada batzuk gure bizimodua zalantzan jartzen dugula eta gure gehiegizko kontsumoan aldaketak egiteko beharra sentitzen dugula, planetako baliabideak amaitu ez daitezen. Aldaketa guztiek osagarri pertsonal bat behar dute, osagarri sozialaz eta politikoaz harago. Beharrezkoa da erantzukizun unibertsala dugula sentitzea, orainaldian eta etorkizunean erantzukizuna dugula pentsatzea, interdependentzia globala dela eta. Gure bizimoduak eragin zuzena du beste pertsona batzuen bizi-baldintzetan, eta hori ulertu dugulako planteatu dugu proiektu politiko gisa behera egingo genukeela.

Gizarte iraunkor, bidezko eta ekitatiboak eraikitzeko, beharrezkotzat jotzen dugu erabat desberdina den eta bizitzaren eta planetaren zaintza erdigunean jartzen duen beste eredu bateranzko trantsizio bat egitea. Horretarako, baina, elkarrekin lan egin behar dugu, eta gure diskurtsoak, borrokak eta mugimenduak artikulatu. Hori dela eta, 2010ean, hainbat eremutako zenbait kolektibo, gizarte-mugimendu, GGKE, sare eta sindikatu elkarrekin lanean hasi ginen. Eredu sozial, politiko eta ekonomikoa ikuspegi feminista batean oinarrituz aldatzea genuen denok helburu. Horrela sortu zen Desazkunde eta Bizitze Ona Sarea, honako hauek osatua: Ekologistak Martxan, Desazkundea, Mugarik gabeko Ekonomialariak, Bizilur, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, ESK sindikatua, Euskadiko Mugarik Gabeko Ingeniaritza, REAS Euskadi eta Mugarik Gabe.

2011z geroztik, topaketak antolatu ditugu urtero. Hala, esperientziak eta alternatiba praktikoak bildu ditugu eta abian jarri, bizitzaren eta planetaren zaintza erdigunean kokatuko duten gizarte-antolakuntzako eredu berriak eraikitze aldera. Topaketa horietan, zenbait alderdi lantzen ditugu bereziki: lan-kontzeptuaren inguruko planteamendua, enpleguaren eta ekologiaren arteko lotura eta bizi-eredu alternatiboak, feministak eta ingurumenaren aldetik iraunkorrak. Bizitza erdigunean ezarriko duen eredu bat lortzeko, kontuan hartu behar ditugu honako faktore hauek: planetak muga fisikoak ditu, zeintzuek ekonomiaren eremu materiala txikiagotzen baitute nahitaez; interdependentzia onartu behar dugu, gizarte osoak bere gain har dezan ongizatearen eta erreprodukzio sozialaren erantzukizuna; aberastasuna banatu behar da baliabide mugatuak dituen planeta honetan; eta premiazko neurriak hartu behar dira.

Azken urte eta erdi honetan, sare honek, Goiener, Saretuz, Zentzuz Kontsumitu, Emaús, Ehne Bizkaia, Sector de Mujeres, Xochilt Acalt eta Setem Hego Haizea kolektiboekin batera, “Euskal Herritik kolektibotasunean eraikiz: bizi estilo jasangarrietan oinarritutako gizarte justu eta bidezko baten eraikuntzarako analisi eta aldarrikapenak”argitalpena osatu du, eta Desazkundearen eta Bizitze Onaren V. Topaketetan aurkeztu zuen, ekainaren 5eanBilbon. Lanean, hain zuzen ere, aurrerago zehaztuko ditugun lau ardatz nagusiren inguruko aldarrikapenak eta gogoetak proposatzen ditugu.

Gaur egun krisian dagoen eta lehengoratu nahi den ereduak oinarri heteropatriarkalak, antropozentrikoak eta kapitalistak ditu. Oinarriok arriskuan jartzen dituzte bizitzari bide ematen dioten oreka ekologikoak, eta gizadi gisa eusten diguten interdependentzia-harremanak oztopatzen dituzte. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da lehengoratu nahi ditugun egoeren kausak eta ondorioak sakonago aztertuko dituzten eta elkartasunezko kontzientzia kritikoa sustatuko duten hezkuntza-prozesuak bultzatzea.

Beste eredu batzuk lortzeko, herritarrek jabetu behar dute eraldaketarako subjektu aktibo direla. Ildo horretatik, garrantzitsua da besteekin batera parte hartzea, antolatzea eta mobilizatzea politika publikoak alda daitezela exijitzeko, eta garrantzitsua da, halaber, gure eguneroko bizimodua ere iraultzailea dela ulertzea. Horregatik, egindako lan kolektiboan hala erakundeentzako proposamenak zein aldarrikapenak nola lau ardatz estrategikoetarako alternatiba indibidualak eta kolektiboak bildu ditugu. Espero dugu lana lagungarria izatea eragin politiko kolektiboko agenda bat sortzeko eta gure eguneroko bizimodua aldatzeko alternatibak abian jartzeko.

Argitalpenean jaso ditugun gogoetekin, ez dugu lanerako esparru itxi bat eraiki nahi. Badakigu oraindik ere eztabaida asko daudela irekita; hortaz, gure erronka izango da demokratikoki definitzea bizimodu iraunkorrak guretzat zer diren eta bizimodu horiek lortzeko zer baldintza behar diren. Bide horretan gaude, etorkizunari begira hainbat ikuspegitatik, ikuspuntu analitiko desberdinetatik, alderdi hauetatik eta besteetatik, egoera honen erronka konplexua geure eginez eta horretarako nahikoa indarrekin.

Desazkundea eta Bizitze Ona Sarea



Argitalpenak aldaketa indibidual eta kolektiborako proposatzen dituen zenbait alternatiba

Elikadura-burujabetza

Gure eguneroko kontsumoa ere ekintza politiko bat da. Horregatik, hainbat merkaturatze-saretan parte har dezakegu, pertsonalki, familian nahiz kolektiboki; esaterako, kontsumo-taldeetan, ekoizleen eta kontsumitzaileen kooperatiba mistoetan, ekonomatuetan eta ekoizpen txikiak eta eredu honetakoak (edo nekazaritza-elikagaien edo autokontsumoaren eredukoak) babesten dituzten banaketa-enpresetan.

Energia-eredua

Gure komunitatearen edo etxebizitzaren ingurua eraginkorra den ikusi; fatxadak isolamendua eduki behar du, eta leihoek bikoitzak izan behar dute. Termostatoa arropak jantzi beharko ditugun baina eroso egongo garen tenperatura batean eduki behar da beti. Bizikletaz eta oinez ibili. Autoa edo bestelako ibilgailuak gutxiagotan erabili, eta, erabiliz gero, modu eraginkorrean erabili. Ibilgailuak partekatu.

Ekonomiaren birlokalizazioa

Kontsumitzean, murriztu, berrerabili eta birziklatu. Babestu finantza etikoak, merkatu soziala, merkaturatze-zirkuitu laburrak, energia-kooperatibak… Enplegua eta bizimodu duinerako eskubidea bereizi. Alternatibak eraikitzeak, zabaltzeak eta ugaritzeak sistema postkapitalista solidarioagoa, ekitatiboagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduko digu.

Pertsonen zaintza

Gizonen eta emakumeen artean modu ekitatiboan banatu bizitzaren iraunkortasunerako behar diren zaintza-lan guztiak. Zaintza-sistema publiko eta unibertsala guzti-guztiek baldintzarik gabe eskuratu ahal dutela bermatu. Egunero, zaintzak kolektiboki egiten lagunduko diguten alternatibak sustatu: bizikidetza-eredu alternatiboak (cohousing delakoa eta egoitzak), hazkuntzarako gurasoen sarea, belaunaldi arteko zaintza-sistema, trukeko edo debaldeko guneak eta hezkuntza-esperientzia alternatibo publikoak.


Artículos Relacionados

----