Varios

Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak (Balorazioa)

Asteburu honetan Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak egin dira Usurbilen. Bertzelako gizarte eredu baten aldeko lana indarberritu eta ildo hortan ekimen berriak sustatzeko asmoz, Auzolan ekimenaren eskutik. Funtsezko hainbat gairi buruzko solasaldiak eta gizarteko arloak gaika jorratu diren lantaldeak egin dira. Gure herri-izaeran, gure kultura sustraietan dauden berezko sistemak eta antolakuntzak aztertu ditugu, hala nola […]

7 octubre 2011

Buscador de noticias

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

NULL
NULL

Asteburu honetan Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak egin dira Usurbilen. Bertzelako gizarte eredu baten aldeko lana indarberritu eta ildo hortan ekimen berriak sustatzeko asmoz, Auzolan ekimenaren eskutik. Funtsezko hainbat gairi buruzko solasaldiak eta gizarteko arloak gaika jorratu diren lantaldeak egin dira.

Gure herri-izaeran, gure kultura sustraietan dauden berezko sistemak eta antolakuntzak aztertu ditugu, hala nola Auzolana eta Batzarrea instituzioak, eta gaur egungo gizartearen azterketa zorrotz batetik abiatuta, instituzio historiko horiek zein aukera eskaintzen dizkiguten eztabaidatu da.

70 bat lagunek parte hartu dute, banaz bertze, baina larunbateko lantaldeetan 200 lagun ere elkartu ziren. Horietan, gazteak nahiz helduagoak, hainbat arlotan lanean ari diren eragileak zein orain ekiteko gogoz dauden herritarrak ere izan ziren. Eta antolakuntzatik honakoa nabarmendu nahi dugu bereziki, guretzat hain garrantzitsua izanik: Euskal Herriko topaketak izan direla, eta gutitan gertatzen den moduan, lortu dugula Pirinioez bi aldetakoak eta eremu atlantiarrekoak zein eremu mediterranearrekoak elkartzea. Izan ere, Lapurditik etorritik dira, eta baita Tuteratik, Zangotzaldetik edo Agoitzetik ere, Gasteiztik, Bilbotik, Gernikatik, Azpeititik, Goierritik eta bertze hainbat lekutatik. Orotara, 72 udalerritatik etorritako partaideak elkartu gara.

Topaketa hauetan, izenak dioen moduan, Euskal Herrian lanean ari diren eragileen eta abian diren ekimenen elkar-topatze eta elkar-ezagutze gune bat sortu nahi izan dugu. Izan ere, Auzolan ekimenean biltzen diren ideiak iada indarrean diren hamaika dinamiketan antzematen ditugu, baina beharrezkoa iruditzen zaigu guztien ekarpenak, bizipenak eta ezagutzak jaso ahal izateko topagune bat. Hori da Auzolan ekimenaren helburuetako bat.

Hala, gizartearen ikuspegi orokor bat aintzat hartzen duten Deshazkundea mugimenduko kideak, Debagoiena eskualdean ari diren Bagara egitasmokoak eta 15-M mugimendukoak izan ziren gure artean, eta baita arlo jakinetan ari diren taldeak eta eragileak ere: Kontseilukoak, Basherri taldeetakoak, Bizi-Toki eskolakoak, tokiko txanponak sortzekotan dabiltzan Bizi! mugimendukoak, Zero Zabor-ekoak…

Horrekin batean, hainbat gairi buruzko zabalkundea egin nahi izan dugu. Egungo gizarte ereduaren azterketa zorrotza beharrezkoa zaigulako non gauden eta nora jo nahi dugun erabaki ahal izateko. Ortziral arratsaldean Joseba Azkarraga LANKI-ko kidearen ahotik ezagutu ahal izan genuen egungo egoeran ikuspegi osoa, ekonomia-krisiaz haratago gizartearen eta ingurumenaren krisia ere badugula ikasiz.

Azkarraga zorrotz mintzatu zen gure gizartearen azterketan: Norabidea aldatu ezean, bizitzaren arlo guztietan eragina izanen duen kolapso baterantz goazela ohartarazi zuen. Horri erantzuteko, tokian tokiko ekimenak abiaraztea eta horretarako gure sustrai historikoetan bilatu behar dugula adierazi zuen. Norabide hortan, positibotzat jo zuen Auzolan ekimena sortu izana.

Azkarragaren ondotik, Antxon Mendizabal EHUko ekonomia irakasleak Herri Garapenari buruzko bere azterketa aurkeztu zuen. Azkarragaren analisia bere ekarpenekin osatuz, Euskal Herriko jatorrizko gizarte-antolakuntza gogoratu zuen, herri-ondasunak haren oinarria zirela azpimarratuz. Horregatik, egungo jabetza pribatuaren eredutik ondasunak kolektiboak izanen diren bertzelako sistema bateranzko eraldaketa aldarrikatu zuen, horretarako neurri zehatzak proposatu zituelarik. Eraldaketa horretan eta gizarte berria eratzerakoan, herritarrek protagonista izan behar dutela nabarmendu zuen.

Azkenik, Gorka Pinillos barañaindarrak berak parte hartzen duen Cooperativa Integral Catalanaren esperientzia ezagutarazi zuen. Bi orduko azalpen sakonean, ekimen horrek bi urteko epe laburrean erdietsitako lorpenen berri eman zuen. Bertzeak bertze, tokiko txanponen erabileraren zabalkundea, elikadura-horniduran hein handi bateko buruaskitasuna eta osasun-zerbitzu publiko eta alternatibo baten eratzea azaldu zituen. Une hontan ekoizpen ekologikorako industriagune bat antolatzen ari dira (Ca la’Fou), eta erabilera-eskubidean oinarritutako etxebizitza-plana eratzen. Pinillos-ek Kooperatiba Integrala eratzearen formula Euskal Herrira ekartzeko proposamena egin zuen.

Larunbata goizean, gaikako lantaldeak egin ziren. Horien helburua, gai bakoitzean lanean ari direnen elkar ezagutzea izan zen, baina baita elkarrekin ildo berriak abiatzea ere. Arlo bakoitzean dauden beharrak zeintzuk diren zehaztu eta horietan ekiteko herritarrek zein borondate duten antzemateko baliagarriak izan ziren. Lantalde bakoitzak bere erritmoa izan zuenez, bakoitzean ateratako ondorioak ere ezberdinak izan ziren, baina azpimarratzekoa da horietako gehienetan aitzinera begira lanean aritzeko eta topagunean elkartzeko borondatea agertu zela.

Adibidez, Kultura lantaldean Mari Karmen Basterretxeak Euskal kultura eta Auzolana bere ikerketaren ildo nagusiak azaldu zituen: Jatorrizko euskal gizartean indarrean izandako balioak begirunea, elkartasuna eta zuzentasuna direla eta gizarte-eredu hortan emakumeak kultura-transmititzaile gisa izan duen garrantzia aurkeztu ditu Antropologian aditua den emakume honek. Bere hitzetan, egungo gizartearentzat eredu berri bat sortzekotan, berebizikoa da gure kultura ezagutzea, eta hori egiteko argia eskaintzen digu Basterretxeak. Izan ere, gure herriko plazetan egiten diren dantzek, iñauteriek edo txalaparta-jotzeak zentzu handiko errituak dira, baina horien zentzuaz ohartu ezean, inertziaz egiten den ikuskizun hutsal bilakatuz. Halaber, gure bizimoduak antolatzerakoan edo gure inguruarekin harremanak eratzerakoan, balioek bideratzen dute gure jokamoldea: Taldean aritzea, elkartasuna eta berdintasuna ahalbidetuz, edo lehia batean aritzea, norgehiagokara eta bakardadera joz. Eta horrela bizitzako eta gizarteko arlo guztietan.

Lantalde hortan bertan, Gotzon Barandiaranen eskutik egungo kultura sormenari eta kontsumoari buruzko eztabaida egin zen.

Nabarmentzekoa da Deshazkundea eta Komunala lantaldean 60 lagunetik goiti bildu zirela. Iñaki Arzoz eta Andoni Alonsok koordinatutako batzar honetan, Komunal edo Herri-ondasuntzat ulertzen dena zehaztu zen, eta Deshazkundearen aldeko komunalak nolakoa izan behar duen eztabaidatu. Parte hartzaile zenbaitek zinez interesgarria izan zela adierazi dute, eta aitzinera begira gai hortan lanean segitzeko asmoa agertu zutela.

Bertze batzuk aipatzearren, Osasuna, Hezkuntza, eta Hactibismoa lantaldeetan ere, batzuk aipatzearren, bere fruituak eman zituen topaketak, eta aitzinera ere lanean segitzeko gogoa erakutsi zuten parte-hartzaileek.

Lantalde aunitzetan agertu zen Auzolan ekimenen helburuekiko edo asmoekiko jakinmina; zentzu hortan, topaketetan jorratutako lan-ildoak iada abian diren hainbat ekimenek jorratzen dituztela adierazi zen. Horri erantzunez, Auzolan ekimenak dinamika horien guztien saretze bat helburu duela argitu beharrean gaude, elkar ezagutu eta esperientziak partekatzeko, eta noski, nahi izanez gero, elkarlanean aritzeko. Halaber, sare moduko topagune horrek, tokian tokiko dinamikek nora jo izatea ahalbidetuko luke.

Topaketekin segituz, larunbat arratsaldean honakoak izan ziren: Ekonomia eredu alternatiboei buruzko batzarra egin zen, Gorka Pinillos-en azalpenetatik abiatuta. Berak Catalunyako esperientzian jorratzen ari diren jarduerak azaldu zituen, eta Euskal Herrian zer egin daitekeen eztabaidatu zen.

Jarraian Tokiko Batzarrak izan ziren mintzagai. Abiapuntu gisa, Patxi Azparrenen-ek Lizargorri taldearen (Ezker Soberanista Eraikitzen) planteamendua aurkeztu zuen. Begirada historikoan, Euskal Herrian Batzarrea erakundea zer izan den aztertu zen, eta behin hori eginda, egun herritarrek dagozkien kontu guztietan erabaki eta parte hartu ahal izateko egiturek nolakoak izan beharko luketen eztabaidatu zen. Esperientzia pilotu gisa Euskal Herriko bi herritan Batzarra abian jartzeko proposamena egin zuen talde hortako kideek. Oraindik deus ere aurreratzeko goizegi bada ere, hainbat lagunek euren herrietan probatzeko asmoa agertu zuten.

Batzarraren gaiaz mintzatu zitzaigun, halaber, horretarako topaketetara gonbidatu genuen Felix Rodrigo Mora egilea ere. Madrilen bizi den gaztelar honek bere bizitza gehiena darama garai batean Iberiar Penintsula osoan oinarrizko antolakuntza zen Batzarra edo Kontzeju irekia ikertzen, eta lan horretan aritu diren egile bakarretakoa dela azpimarratu behar dugu. Historia aztertu duten egileek herritarren oinarrizko antolakuntza hau inoratu edo espreski ezkutatu egin dutela salatzen du berak, eta beraz, ikerketaren premiaz ohartarazi.

Izan ere, egile hau zorrotza da egungo gizarte ereduarekiko, eta Azkarragak egin moduan, berak ere hurrengo urteetan sistemaren gainbehera kaotikoa aurreikusten du. Horregatik, herritarrek berehala euren burua antolatzen hasteko beharra antzematen du, eta horretarako berebizikoa dela historikoki armonian eta bizikidetzan oinarrituz bizitzea ahalbidetu duen Batzarrea erakundea aztertu eta ezagutzea. Hemen nabarmendu nahi dugu egile honen mintzaldiak parte hartzaileengan sortu zuen zirrara berezia, eta gehien-gehienak txundituta eta biziki eskertuak atera zirela aretotik. Gure aldetik, eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu Madriletik gurera etortzeko egindako esfortzua, eta berak egindako ekarpen baliotsua.

Igande goizean, oraindik ere Usurbilen geunden parte hartzaileak Sutegi Kultur Etxearen atarian bildu ginen, eta borobilean jarrita egindako batzarrean eman genuen goiza. Topaketen balorazioa, aitzinera begira landu beharreko ildoen zehaztea, Auzolan ekimena dinamizatuko duen taldea osatzeko proposamena eta bertze hainbat jorratu genituen. Ildoak finkatu eta ekimena dinamizatzeko bilkura egitea adostu eta hurrengo hitzordua urriaren 16rako jarri genuen: Usurbilgo Artzabal eraikinean izanen da, 16.00etan. Irekia da, eta gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, auzolan@riseup.net edo auzolan.info@gmail.com helbideetara idazteko eskatzen dizuegu.

Aurreikusita zegoen moduan, tartean Auzolanaren Kultura liburua aurkezteko baliatu genuen batzar hori.

Auzolan ekimenak Txalaparta argitaletxearekin karrikaratutako lana da, eta ekimenaren helburu nagusietako bati jarraiki, liburu honekin gure herriaren sustraietan dauden Auzolanari eta Batzarrari buruzko ezagutza zabaltzea espero dugu. Ez da datuen bilketa sakon batekin egindako ikerketa, baina zertzelada batzuk emanez horien ezagutzara hurbiltzeko aukera ematen duela uste dugu. Halaber, izandakoaren arrastoak eta gure gizartean Auzolan eraberrituak zein modutan antzematen ditugun ikustarazi nahi izan dugu, auzolanaren filosofiari jarraiki indarrean dauden orotariko ekimenak aurkeztuz. Auzolanaren kultura bat egon badagoela dakusagu, baina beharrezkoa dela hori hobe ezagutzea, aintzat hartzea, eta egungo erronkei erantzuteko berebizikoa izan daitekeela ohartaraztea.

Hurrengo asteetan eta hilabeteetan liburuaren aurkezpena herriz-herri eta auzoz-auzo egiteko asmoa dugu. Horregatik, interesa duen orok www.auzolan.info gunearen bidez eskaera egiteko aukera duela jakinarazi nahi dizuegu. Aurkezpenean Auzolan ekimena ere azalduko da, eta tokiko herritarrekin eta eragileekin harremanetan jartzeko aukeratzat ulertzen dugu.

Auzolan ekimenaren bertze helburu bat ikuspegi integral batetik abiatutako tokian tokiko dinamikak sustatzea izanik, liburuaren aurkezpena hortan hasteko aukera izanen da. Auzolanean bezala, herritarrak elkartu eta euren bizimodua, ingurua eta etorkizuna ber-eratzen hasteko deia egiten dugu. Historikoki hala egin dugulako iritsi gara euskaldunok XXI. Mende honetara, eta aitzinera ere segitu nahi badugu, hala egin beharko dugula uste dugu. Auzolanean posible da!

Topaketen ondorena

Hiru egun intentso hauek utzi diguten aho-zaporea zinez eztia da. Kritika egiterakoan, antolaketa aldetik somatu diren gabezien artean nabarmendu da lantalde bakoitzari eskainitako denbora tartea motza izan dela nabaritu dugu. Horrekin batean, lantaldeen helburuak ez direla aldez aurretik behar bezala zehaztu, eta beraz, norabidea agian ez zegoela argiegi jakinarazi digute, horrek erabat baldintzatu duelarik lantaldearen jarduera.

Hala ere, zailtasunak zailtasun, hainbat lantaldetan aitzinera begirako ildoak zehaztuta atera ziren parte hartzaileak, eta gehienetan (denetan ez bada), topaketetan hasitakoari jarraipena emateko borondatea eta gogoa agertu zirela azpimarratu behar dugu. Horrekin bakarrik topaketen helburu nagusia bete dugula uste dugu: Elkar ezagutzea, gogoak eta indarrak zeintzuk diren baloratzea, eta noski, aitzinera begira eman beharreko urratsak zehaztea.

Topaketetan jorratutako edukiek harrera hagitz ona izan dute, guztiek ere. Lantaldeez gainera, gai orokorrei buruzko solasaldiak interesgarriak eta gozagarriak izan direla jakinarazi digute parte hartzaileek. Beraz, zorionak eta eskerrikasko zuen azterketa-lanak gurera ekarri dituzuenoi!

Antolaketari dagokionez, biziki eskertzen dugu Usurbilgo herritarrek azpiegituren ardura euren gain hartu izana, eta dena hain ongi joatearen arduradun horiek izan dira, ezbairik gabe. Hala ere, hemendik aitzinera egiazko prozesu auto-eratu bat indarrean jarri nahi badugu, topaketetako parte hartzaileok antolaketaren ardura gure gain hartzea beharrezkoa dela ohartu gara. Auzolanari buruz mintzo bagara, auzolanean ari beharko dugu!

Gure aldetik, mila zorion, parte hartzaile eta antolatzaile guztiei. Usurbilgo herritarrak buru-belarri aritu dira solasaldietarako, lotarako eta jateko guneak antolatzen, horietan beharrezko zerbitzuak eskaintzen eta une bakoitzean agertutako beharrak erantzuten. Eskerrik beroena zuentzat! Eta parte-hartzaileei berriz, topaketa hauetan sinetsi eta Usurbilera etortzeko egindako ahaleginarengatik, esker aunitz. Zuekin hiru egun hauek partekatzea esperientzia zoragarria izan da, eta gainera, Auzolan ekimenaren izateak zentzua duela ulertu dugu, zuen gogoa ezagutzean. Aitzinera ere elkarlanean (auzolanean) segiko dugulakoan, agur bero bat!

Artículos Relacionados

----