Varios

Zoriontsu al zara? Munduko biztanleon zoriontasuna neurtu du NEF (New Economics Foundation) agentziak

[Unai Belaustegi] «Planeta Zoriontsuaren Indizea 2.0» txostena aurkeztu berri dute. 143 estatu hartu dituzte kontuan ikerketa egiteko, munduko populazioaren %99 ordezkatuz. Lehen postuan Costa Rica agertzen da. AEBak topatzeko 114. posturaino jaitsi beharra dago. Eta, noski, zoriontasuna nola neurtu duten ere azaltzen da txostenean. Posible ote da zoriontasuna neurtzea? Galdera zaila benetan, zoriontasuna bera zer […]

Buscador de noticias

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

NULL
NULL

[Unai Belaustegi] «Planeta Zoriontsuaren Indizea 2.0» txostena aurkeztu berri dute. 143 estatu hartu dituzte kontuan ikerketa egiteko, munduko populazioaren %99 ordezkatuz. Lehen postuan Costa Rica agertzen da. AEBak topatzeko 114. posturaino jaitsi beharra dago. Eta, noski, zoriontasuna nola neurtu duten ere azaltzen da txostenean.

Posible ote da zoriontasuna neurtzea? Galdera zaila benetan, zoriontasuna bera zer den definitzea ere ez baita erraza. Segur aski ezinezkoa izango da zoriontasuna zenbaki bidez aurkeztea, baina Ingalaterrako NEF (New Economics Foundation) agentziak saiakera egin du. Uztailaren 4an hainbat ekonomilari eta ekologisten parte-hartzearekin kaleratu zuten «Planeta Zoriontsuaren Indizea» («Happy Planet Index 2.0») txostenean, 143 estatu zoriontsuenen zerrenda osatu dute. Munduko populazioaren %99 hartzen du kontuan txostenak. NEF agentzia 1984an ospatu zen G7aren (egun G8) alternatiba gisa sortu zen, lurreko biztanleria osoa ordezkatzeko saiakeran. Euren helburua, munduaren funtzionamendurako beste bide batzuk topatu eta aplikatzea da, ekonomiaren analisiaren eta estrategia berrien bitartez. Soluzio praktikoak aurkitu nahi dituzte, beraz. Aipatu indizean, Costa Rica agertzen da lehendabiziko postuan. Erdialdeko Amerikako estatua ei da munduko herrialderik «orlegi eta zoriontsuena». Estatu espainola zein frantsesa, Alemania, Japonia edo AEBak oso atzean daude.

Zoriontasuna neurtzen

Baina nola neurtu dute munduko herrialdeen zoriontasuna? Hain ezaugarri subjektiboa izanda, ahalik eta modu objektiboenean egiten saiatu dira. Hori dela eta, NEF agentziakoek hiru faktore hartu dituzte kontuan. Alde batetik, estatu bateko herritarren bizi-itxaropena. Bestetik, norbanakoren poztasuna. Eta, azkenik, bakoitzaren bizimoduak Lurrari eragiten dion kostua. Alegia, herrialde bateko kide guztiak luze eta ongi bizitzeko bere baliabideak nola erabiltzen dituzten azaltzen saiatu dira. Baina, noski, hori egitea ez da batere erraza izan. Aipatu faktoreetako batzuk zenbakien bitartez aurkeztea ezinezkoa baita. Behin faktoreok zenbakiez ordezkatuta, formula matematiko berezi bat erabili dute: bizi-itxaropena ongizatearekin biderkatu eta guztia aztarna ekologikoagatik zatitu, tartean zenbait koefiziente erabilita, datuen objektibotasuna lortzeko. Formula konplexu horretatik, PZI izeneko emaitza atera dute estatuak horren arabera sailkatzeko.

Hiru faktore

Bizi-itxaropena estatistikoki kalkulatua dago munduko ia edozein lekutan, estatu guztiek euren demografia azterketak sarri egiten baitituzte, nahiz eta herrialde handienek datu zehatzak emateko arazo asko eduki. «Txostenean World Development» Indicators erabili dute iturri bezala. Beste bi faktoreek, ordea, zailtasun gehiago ekarri dituzte eta konforme agertu ez denik ere bada. Norbanakoaren poztasun mailaren kalkuluan erabiltzen diren datu objektibo guztiak erabilita ere, zoriontasuna hori baino gehiago omen delako. Kontuak kontu, txostena kalean da eta datu deigarri batzuk bederen ematen ditu. Mundua egun bizitzen ari den testuinguruan, gogoeta batzuk egiteko baliagarria ere izan daiteke. NEFeko Ongizate Zentroko sortzailea den Nic Marks-en ustean, «gure ongizatea hiru faktorek mehatxatzen dute egun: finantza krisiak, aldaketa klimatikoaren azkartzeak eta petrolioaren produkzioak sabaia jo izanak». Ondorioz, «ongi gidatuko gaituen iparrorratza» behar omen da.

Hazkunde ekonomikoaren eredua jarraitzeak pobreenek irabazi urriak izatea ekarri du, aberatsenen bizimoduak ez dira gehiegi hobetu eta, hori gutxi balitz, munduko ekonomiak kinka larrian daude. «Horrenbestez, Planeta Zoriontsuaren Indizea erabil dezakegu, ongizateko ekonomiak lortu eta CO2 isuriak murrizteko, Mendebaldeak daraman bizimodu kontsumitzaileak kaosera herrestan eraman aurretik».

Daturik txarrenak lortu dituztenak, hain zuzen ere, herrialde aberatsenak izan dira. Bizi-itxaropenean eta poztasunean puntuaketa dezenteak lortu badituzte ere, kostu handia ekarri du horrek planetarentzat, kutsadura maila ere asko igo baita.

AEBak, 114. lekuan

Henry Van Dyke idazle estatubatuarrak zioenez, «zoriontasuna barneko zerbait da eta ez kanpokotik lor dezakeguna; ondorioz, ez dago dauzkagun gauzen baldintzapean, baizik eta garenaren baldintzapean». Planeta Zoriontsuaren Indizearekin, Van Dykeren gogoetei arrazoi eman diote, kontsumismoa eta ondasunen pilaketa, bizimodu amerikarraren eredua alegia, kolokan dagoela agerian geratu baita. Idazlearen jaioterria oso gaizki sailkatuta agertzen da; 143 estaturen artean, 114. zoriontsuena omen da. Beste aldean, diru sarrera ertaineko herrialdeak daude (Latinoamerika eta Asiako hego-ekialdekoak); garapen eta ongizate jasangarriaren eredura hobekien hurbiltzen direnak dira. Mendebaldeko bizimodua mundu guztira egokitzea, beraz, ezinezkoa dela ematen du, mundu guztia horrela bizitzeak ondorio gaindiezinak ekarriko lituzkeelako.

Taulan ikus daitekeenez, herrialde garatuenek ateratzen dituzte daturik txarrenak. Sailkapenean aurreneko mendebaldar estatua Herbehereak da, 43. postuan. Britainia Handia 74. lekuan dago eta, atzerago, Alemania eta Estatu frantsesa zein espainola. Inork ez ditu txostenean markatzen diren hiru helburuak betetzen. Orokorrean, bizi-itxaropenean datu onak dituzte, baina aztarna ekologikoan kale egiten dute. Egileen ustean, Mendebaldearen erronka ez da diru sarrerak gehitzen joatea, baizik eta pertsonaren izateari zentzua beste modu batean bilatzea, ondasunen pilaketa eta etengabeko lehiaketak alde batera utzita. Kontsumismo basati batean erori gabe ere zoriontsu izan daitekeela frogatu nahi izan dute, beraz. Posible omen da bizimodu ona izatea planeta txikitu gabe. «Amets amerikarraren» aurrean haren antitesiari begiratzea besterik ez dago. Izan ere, askoren harridurarako, Kuba munduko estaturik zoriontsuenen artean ipini dute, 7. lekuan, estatubatuarrak baino 136 postu lehenago.

Eredu berri bat

Saamah Abdallah txostenaren egilearen ustez, aurkeztu berri duten lanak «planetak eraman behar duen norabidea markatzen du. Garapen eredu berri bat behar da ongizate altua, bizi- itxaropena eta planetaren bizi-iraupena ziurtatzeko. Denon artean egin beharreko zerbait da». Gobernuei deialdia egin zaie, lehiakortasuna moteldu eta mundu mailako agertoki alternatibo bat prestatzen hasteko, non herrialde guztiak era berberean kontuan hartuak izango liratekeen. Helburu batzuk ere markatu dituzte 2050. urterako; PZIa 89ra iritsi dadin herrialde aberatsenetan, eta herrialde aberats horiek gainontzekoei 2070erako helburuak lortzen lagun diezaieten (begiratu I. Taula).

Oraingoz, zaila

Mendebaldeko bizimoduak daraman erritmoa aldatzea oso zaila dela ere onartzen da txostenean. Luxuz betetako gizarteak ez dira jasangarriak, ez daude guztion esku eta ez dute denon zoriontasuna bermatzen. Herrialde aberastuetan gauza asko aldatu beharko lirateke, ohituretatik hasi eta izateko eraraino, txostenak islatu nahi duen zoriontasuna leku guztietan errealitate bihur dadin.

Zoritxarrez, Groucho Marxek semeari kontatzen zion gogoeta hura oraindik oso errotua dago gure artean, eta denbora asko beharko da aldatzeko: «seme, zoriontasuna gauza txikiez osatua dago: belaontzi txiki bat, jauregi txiki bat, fortuna txiki bat…».

Luxu asko, beraz, denbora gutxian bide bazterrean lagatzeko.

Norberaren zoriontasunaren eta aztarna ekologikoaren kalkulua

Norberaren zoriontasuna neurtzeko, NEFekoak mundu mailako hainbat galdeketa egin dituzten Gallup eta WVS erakundeek 2000. urtetik aurrera lortutako emaitzez baliatu dira. Txostenean argi uzten dute munduko txoko guztietara iristea ezinezkoa dela eta hartzen diren laginek ere batzuetan ez dutela errealitatea guztiz irudikatzen. Aipatu erakundeek galdera zehatz bat egiten zuten eta erantzuna zenbait datu objektiborekin alderatu dute (bizi itxaropena, herrialdeko Barne Produktu Gordina…). Galdera honakoa da: «Inguratzen zaituzten faktore guztiak kontuan hartuta, batzuetan oso pozik eta besteetan ez hainbeste egoten zarela jakinda, eta 0tik 10erako eskalan 10 topea izanda, pozgarriak al dira zure egunak?».

Aztarna ekologikoari dagokionean, WWFk 2008an ateratako datuez fidatu dira. Aztarna ekologikoa, bakoitzaren kontsumoa hornitu eta sortutako hondakinak biltegiratzeko beharrezkoa dugun lurreko azalerarekin erlazionatuta dago (hektarea globaletan emana) eta maila ezberdinetara aplika daiteke: pertsona, hiria, herrialdea… Alegia, egunero jaten ditugun elikagaiak (zenbat tomate, zenbat letxuga, zenbat haragi, zenbat makarroi), kontsumitzen ditugun arropak eta gainontzeko ondasunak ekoizteko beharrezkoa den lur kopurua kalkulatzen da. Horretarako, BPGa pertsonako, CO2 emisioak pertsonako, estatuen hiritartasun maila, industria sektorearen garrantzia eta populazioaren dentsitatearen balioak hartu dituzte erreferentziatzat besteak beste.

Azken kalkuluen arabera, lurtar bakoitzari bi hektarea global inguru dagozkio. Horrek esan nahi du herrialde bateko biztanleek lau hektarea globaleko aztarna ekologikoa badute, gainontzeko lurtarrok haiek bezala bizitzeko bi lur planeta oso beharko liratekeela. AEBen eta Herbehereen arteko konparaketak balio dezake agian. Estatubatuarrek aztarna ekologikoa ia bikoitza daukate: Holandako biztanleek 4,4 hektarea global behar dituzte egunerokotasuna mantentzeko, amerikarrek, ordea, 9,4. Beraz, lau lur planetatik gora beharko lirateke mundu guztiak estatubatuarren bizimodua eramateko. Holandarrak ekologikoki eraginkorragoak dira, nahiz eta hauek bezala bizitzeko ere bi lur planetatik gora beharko genituzkeen. Beraz, arazoa nahiko larria dela ondoriozta daiteke. Izan ere, oraingoz eta espazio hurbilean, Lurra moduko planeta bat besterik ez baitugu ezagutzen.

Eskandinaviar herriak eta «Planeta zoriontsuaren indize europarra»/strong>

2007an Lurraren Europako Lagunak eta NEFek “Planeta Zoriontsuaren Indize Europarra” kaleratu zuten. Bertan, 30 estaturen egoera islatzen zen. Aurtengoan lez, aztarna ekologikoa, bizi-itxaropena eta norbanakoaren zoriontasuna hartu zituzten kontutan. Europarrak duela 40 urte eraginkorragoak zirela aipatzen zen txostenean, zoriontasun maila berbera lortzeko askoz gehiago kutsatzen baitzuten 2007an. Islandia agertzen zen gorengo postuan, Suedia eta Norvegiaren aurretik. Estatu horietan bizi omen ziren ondoen ingurugirori kalterik gutxien eraginda. Estatu espainola 12. postuan zegoen, eta estatu indartsuenak haren atzetik. Italia 14.a, Alemania 15.a eta Britainia Handia 21.a ziren. Trenaren azken bagoian Portugal, Grezia eta Luxenburgo kokatu zituzten, hurrenez hurren. Norbanakoaren zoriontasunari zegokionean, danimarkarrek, suitzarrek, islandiarrek, finlandiarrek eta suediarrek atera zituzten puntuazio altuenak. Eskandinaviar herrien emaitzak jarri zituzten orduan gainontzeko estatuentzat erreferente, haiek petrolioaren eta ikatzaren erabileran egindako murrizketek ez baitzuten, zenbakietan behintzat, herritarren poztasunean eragin. Estatu espainolak, aldiz, aurkako norabidea eraman du 1970eko hamarkadatik hona. Izan ere, Europar Batasuneko bosgarrena zen orduan negutegi efektua sorrarazten duten gasak isurtzen. Orain dela bi urte, duela 20 bezain zoriontsuak ziren espainiarrak, baina negutegi efektua sorrarazten duten gasak %75 igo dira ordutik.

Estelak:

Artículos Relacionados

----