Ekonomia Sozial Solidario eraldatzaile baten aldeko deklarazioa

Declaración por una Economía Social Solidaria transformadora

Buscador de recursos

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

Declaración por una Economía Social Solidaria transformadora

Irailaren 15ean hamar urte bete dira Lehman Brothers-en porrota gertatu zenetik. Orain arte izandako finantza-krisirik handienaren bolborategiari su eman zion metxa izan zen hura, kapitalismoa herritarren kritika guztien jomugan jarri zuena. Hala ere, denbora honetan ez da norabide-aldaketarik egon, hala uste eta behar bazen ere. Aitzitik, areago sakondu dira ekonomia finantziarizatzeko prozesuak, ekonomiaren izaera espekulatiboa indartu da, eta, batez ere, pobreziaren eta desparekotasunaren adierazleak hazi egin dira planeta osoan. Irabazteko asmoa, produktibismoa, mugarik gabeko kontsumoa eta aberastasunaren banaketaren ukapena oinarritzat dituen sistema ekonomikoak ingurumenean eta gizartean eragindako efektuek mehatxatutako planeta da hau. Desberdinkeriak eta pobrezia handituz doaz, babes soziala murrizten doan bitartean. Derrigorrezko migrazioen tragedia, jasanezina den sistema honen beste adierazle bat da.

Ekonomia sozial solidarioak bestelako sistema sozioekonomiko bat eraiki nahi du, pertsonak eta haien komunitateak eta ingurumena prozesu guztien erdigunean jarrita. Sistema horren helburua izango da bizitzaren iraunkortasuna alderdi guztietan bermatzea, eta ongizate orekatua, inklusiboa, demokratikoa eta iraunkorra sustatzea pertsona – emakume eta gizonak – eta herri guztientzat, munduko bazter guztietan.

Horregatik, Bilbon bildu garenok ahotsa goratuko dugu, gure eta planeta osoaren bizitzak merkaturatzen eta mehatxatzen dituen kapitalismoa salatzeko. Kapitalismo heteropatriarkala, emakumeen bereizkeriak sustatzen eta dibertsitatea bazterrean uzten duena. Hitz ematen dugu beste mugimendu sozial batzuekin batera lan egiteko, ekonomia eraldatu ahal izateko, eta, horretarako, ekimen alternatiboak eta sozialak abiarazteko finantziazio, ekoizpen, merkaturatze eta kontsumoaren arloan. Ekonomia eraldatuz gero, lurraldeak eta komunitateak eraldatuko ditugu, eta, horrela, eredu kultural, sozial eta politiko berria sustatuko dugu.

Ikuspegi horretatik, jendea akuilatu nahi dugu prozesuak bultzatzera, ekonomia eraldatzaile desberdinek bat egin dezaten, hala nola: ekonomia solidarioa, feminista, ekologikoa, ondasun komunarena… Horrez gain, dei egiten dugu subiranotasun desberdinen balioak eta praktikak aintzat har daitezen: gure gorputzen subiranotasuna herriena, elikadura, finantza, energia eta kultura-arlokoa… Autokudeaketaren alde gaude, eta pertsonen, mugimenduen eta herrien arteko lankidetza eta elkartasunarekiko konpromisoa babesten dugu.

Horretarako, ekimen alternatiboak eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu:

  • Enpresa kooperatiboak sortzeko eta eusteko.
  • Emakumeentzat eta gizonentzat bizitzeko moduko erakundeak garatzeko.
  • Finantza alternatiboetan eta banku etikoan.
  • Auditoretza sozialerako eta enpresa-kudeaketa kolektiborako tresnak sustatzeko.
  • Ekoizpen agroekologikoa bultzatzeko.
  • Merkatu sozialak eta merkaturatzeko zirkuitu hurbilak eraikitzeko.
  • Bidezko merkataritzako sareak garatzeko.
  • Energia berriztagarrien sorrera, merkaturatzea eta kontsumo kooperatiboa sustatzeko.
  • Ekonomia komunitarioak bultzatzeko, moneta sozialak, denbora-bankuak, zaintzen kudeaketa partekatua… erabiliz.
  • Herritarren sentsibilizazioan, prestakuntzan eta ikerketan.
  • Elkar-lankidetza sozial eta ekonomikoko itunak eta proiektuak sortzen.
  • Erosoak eta barneratzaileak diren eta herritaren eskubideak errespetatzen dituzten hiri eta lurraldeak sortzeko.
  • Partaidetza eta herri-ekimena ahalbidetzen duten politika publikoak eratuz, lankidetza akordio eta demokrazia eztabaidatzaile baterako tresnekin.
  • Etab.

Azken batean, konpromisoa hartzen dugu mundu berri zuzen, demokratiko eta iraunkorrago baten alde jardungo duen ekonomia sozial solidario eraldatzailea bultzatzeko. Orain, gure indarrak eta jada existitzen diren praktikak batu behar ditugu, Tokiko Agenda Mundial Inklusiboa eraikitzeko eta balioa emateko, mundu erronka nagusiak gainditzeko proposamen eta erantzunak dauzkagula erakusteko.

 

Bilbon, 2018ko urriaren 2an

GSEF 2018an dauden ekonomia sozial eta solidarioko pertsonak, erakundeak eta sareak