Políticas Públicas

Proiektuak non-nahi euskal herri txikiak biziberritzeko

Jakina da Euskal Herriko herri txikiek arazoak dituztela etorkizuna bermatzeko, bertako biztanleek bertan lan egin, zerbitzuak jaso eta bizi ahal izateko. Herri horiek ez daude lo, eta hainbat egitasmo sozioekonomiko gauzatzen ari dira, aipatu etorkizun ilunari iskin egiteko. Proiektu horietako mordoxka bat aurkeztu zuten atzo Beizaman. Katalogo bat osatu du Gaindegiak, Eusko Ikaskuntzak eskatuta, bai […]

14 October 2019
Fuente:Naiz

Buscador de noticias

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

Jakina da Euskal Herriko herri txikiek arazoak dituztela etorkizuna bermatzeko, bertako biztanleek bertan lan egin, zerbitzuak jaso eta bizi ahal izateko. Herri horiek ez daude lo, eta hainbat egitasmo sozioekonomiko gauzatzen ari dira, aipatu etorkizun ilunari iskin egiteko. Proiektu horietako mordoxka bat aurkeztu zuten atzo Beizaman.

Katalogo bat osatu du Gaindegiak, Eusko Ikaskuntzak eskatuta, bai Euskal Herriko bai Europako egitasmoak biltzen dituena. Bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, baina badute zerbait amankomunean: komunitateari, herri txiki horietako biztanleari, tira egiteko helburua, bertako gizon eta emakumeak aktibatzea proiektuak arrakasta izan dezan. Izan ere, «masa kritikoa» kontzeptua saihetsezina da gai honetan, ez baita nahikoa pertsona batek soilik, edo talde batek, ideia on bat izatea: herritar guztiek babesten ez badute, ibilbide laburra izango du.

Energia burujabetza, herritarrentzako zerbitzuak eta turismoa; hara herri txikiotako egitasmoetan paper garrantzitsua jokatzen duten hiru arlo. Aurreneko arloan, Goiener (Hego Euskal Herrian) eta I-Ener (Ipar Euskal Herrian) dira bidea markatzen ari direnak. Eguzkiaren energia, hidraulikoa… erabilita, edota energia konbentzionala komertzializatuz, batetik lanpostuak sortzen ari dira eta bestetik tokian tokiko energia alternatiboak ustiatzen. Adibide bat Izabako Udalak bultzaturiko “Ezka Ibaia Energia” da, Ezka ibaiaren ur jauzien indarra erabiltzen duena elektrizitatea sortzeko eta saltzeko, bai Izabako bizilagunei bai kanpokoei. Lizarragan, berriz, eguzki-energiaren bidez egunean zehar eraikin publikoak argitzen dituzte eta gauez kaleak argiztatzen, bertan lortutako energia hidroelektrikoarekin.

Zerbitzuak eskaintzea ere ezinbestekoa da herri txikiotan. Ekintzailetza eta egitasmo instituzionala izaten ari dira horretarako tresna. Aiako Lur Alkartasuna, Orexako ostatua edo Apeztegiberriko denda-taberna dira Gaindegiaren katalogoan jasotako ekimenetako batzuk. Aiako kasuan, bertako nekazariek aitortu dute Lur Alkartasuna gabe nekez eutsi ahal izango lioketela aktibitateari; Orexako ostatuan bertako produktuak erabiltzen dituzte, herritarren topaleku bihurtu da, bisitariei ongietorri egiteko tokia da, eta Orexa eta inguruko produktuak saltzeko denda gisara ere funtzionatzen du; Basaburuko Apeztegiberriko kasuan, herriko emakumeak dira denda-taberna kudeatzeaz arduratzen ari direnak, eta zailtasunak falta ez diren arren, lanpostuak egonkortzeko bidean daude.

«Bisitariei ongietorria» aipatu dugu, eta ongietorria egingo bazaie, bisitariak behar. Horretan ahalegintzen ari dira Beizaman bertan. Eusko Ikaskuntzaren biltzarra egiten ari den etxetik gertu dago Beizamako Ingurumen Aterpetxea, eta Gipuzkoaren bihotzeko basoak, animaliak, errekak… nolakoak diren jakin nahi duen orok bertan du abiapuntua. Alkizan “Fagus-Alkiza” interpretazioa jarria dute martxan. Baso Eskolarako eraikin berria altxatzen dira Alkizan. Eta sarea osatzeko, hor ditugu Urruzola Txakolindegia edo Ur Mara museoa. Ezkion Igartubeiti Baserri-Museoa ere jo eta ke ari da. Justu datorren astean izango da bertan Sagardoaren Astea, herri txikiak berpizteko erabiltzen diren tresna asko bere baitan biltzen dituen egitasmoa, hain gure dugun edaria eginez eta dastatuz, eta hain gurea den baserria erakutsiz, bisitari ugari erakartzen baititu.

Gaindegiak eta Eusko Ikaskuntzak garbi daukate ez direla soilik lanpostu zuzenak sortzen dituzten egitasmoak beharrezkoak, bestelako proiektuek ere asko indartu baitezakete herritarren arteko lotura, baita tokiko ekonomiari lagundu ere. Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan daiteke adibiderik garbienetakoa. Gaindegiaren ikerketaren arabera, 450 boluntariok laguntzen dute mundu mailako sona duen lasterketa antolatzen. Lasterketaren aurreko astean Zegamako ostatua eta inguruko landetxeak bete egiten dira, eta dendetan eta tabernetan ere eragina oso nabarmena da.

Edozein kasutan, udalerriaren ikuspegi sistemikoa duten esperientziei ematen diete garrantzi berezia Gaindegiak eta Eusko Ikaskuntzak. Alkizakoa, Baigorrikoa, Orendaingoa eta Zeraingoa sar daitezke multzo honetan. «Herri eredu garbi bat edukitzeak asko errazten du agente guztiek indarra batera egitea, eta, beraz, bizitza komunitarioa indartzeko beharrezkoa den masa kritikoa aktibatzeko gai da», dio bertan.

Orendainen kasuan, esaterako, GOE (Guztion Onerako Ekonomia) mugimendua hartu dute oinarri, eta Udalak hainbat proiektu jarri ditu abian, hala nola baserrien zaharberritzea etxebizitza moduan eskaintzeko, ohitura jasangarriak bultzatzeko diru laguntzak, wifi publikoa, Baso Eskola sortzeko egitasmoa, auzolana… Bizilagunek ondo erantzun dute, eta taldeka antolatu dira egitasmo hauek aurrera eramateko.

Zerainen, berriz, Zerain Paisaia Kulturala jarri diote izena egitasmoari. Aspaldidanik aritu izan dira zeraindarrak auzolanean; esate baterako, Zaharkinak proiektuan (1993), zeinean herritarrek baserriko ganbaretan eta ukuiluetan utzitako hainbat tresna eta objektu entregatu zituzten erakusketa baterako. Turismo Bulegoa ere orduan jarri zuten martxan, baita aterpea ere. Orain, landa-turismoari bultzada emateaz gain, lehen sektorea berrindartzeko ari dira lanean, batez ere kalitateko zura ekoizteko, arotz lanetan indarra hartuta baitago Zerain.

Euskal herri txikiez mintzatzen garenean, mendi edo baserri giroko herriak datozkigu burura. Baina badira industriak zeresan handia daukan –edo izan duen– bat baino gehiago. Are gehiago, herriaren osagai ezinbesteko bihurtu izan dira. Legorreta eta Etxezarreta paper fabrika dira horietakoak. Aspaldidanik utzita dago lantegia eta hutsik, baina bertako Udalak zaharberritu eta berrerabili egin nahi du, bertan lantegi berriak ezartzeaz gain jarduera soziokulturalak ere burutzeko. Baina instituzioen aldetik –Aldundia eta Lakuako Gobernua– ez du laguntzarik jaso, eta eraikina botatzeko eta betiko galtzeko arriskua hor dago. Etorkizun hurbilean ikusiko da zein aldetara egiten duen balantzak.

Ostatua ezinbestekoa da… baina salda eskainiko duena

Elizak indarra galdu ahala, eta mezak funtzio txikiagoa betetzen duenez, herritarrak biltzeko orduan ostatuek garrantzi handiagoa hartu dute euskal herri txikietan. Baina ez da erraza establezimendu hauek zabalik mantentzea. Tolomendi elkarteko Imanol Olanok ondo ezagutzen du ostatuen egoera, eta oso zaharkituta zeudela dio, «bezero fantasma»-ren bidez egindako ikerketak eman zuenez. Zerbitzu gutxi, barran inor ez askotan… hori bai, komun guztiak garbi topatu zituen bezero fantasmak. Ostaturik gabe ezin bizi, baina ez edonolako ostaturik gabe. Bizilagunek ostatu lagunkoi eta gertukoa nahi dute. Gertatu izan da Gipuzkoako herri batean ostatua brasildarrek hartzea, oso sukaldari onak, baina salda eta txorizoa eskatu eta haiek holakoak ez dituztela prestatzen erantzun. Ez omen zuten asko iraun.

Related Posts

----