Merkataritza-hitzarmenen olatu berria. Enpresa-blindajea, mehatxu bat gure bizitzentzat

merkataritza hitzarmenak

Buscador de recursos

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

merkataritza hitzarmenak

XXI. mendean, belaunaldi berriko merkataritza-hitzarmenak lehen mailako fenomeno politikoa dira kapitalismoa birdefinitzeko prozesuan. Kapitalismoak, egungo une bereziki larrian, itzelezko soberakina metatzeko logikari ezinbestean eutsi behar dio, nahiz eta epe ertainean hazkunde ekonomikoarekin lotutako itxaropenak urriak izan, eta, kolapso ekologikoaren ondorioz, oinarri materiala eta fisikoa ere gero eta txikiagoa den arren, zalantzarik gabe. Beraz, merkantilizazio kapitalistaren erasoaldia abiarazi da eskala globalean. Arlo ekonomikoan, erasoaldi horretan, digitalizazioaren eta adimen artifizialaren laugarren industria-iraultzaren alde egiteaz gain, zerbitzuetan, erosketa publikoetan, ondasun naturaletan eta abarretan erreprodukzio-esparru berriak bilatzen dira. Arlo politikoan, enpresa transnazionalen aldeko konstituzio moduko baten bidez zuzenbide korporatibo globala blindatzea proposatzen da. Egoera horretan, estatuen ahalmenak nabarmen murriztuko lirateke, eta desarauketara joko litzateke eskubideei zein segurtasunari dagokienez. Kultura-arloan, gero eta kontakizun bortitzagoak eta erreakzionarioagoak onartzen dira. Eta arlo publikoa eta komuna arlo pribatuaren eta korporatiboaren nagusitasunean barrena lausotzen da.

Hain zuzen ere, merkataritza-tratatuen olatu berriak oso lotura estua du proiektu horrekin. Alde biko, eskualdeko eta alde anitzeko akordioak pixkanaka onartzeko estrategiaren helburua proiektuari aurrera egiten laguntzea da, konstituzio global horretako artikuluak enpresa handien mesedetan idatziz, eta berariaz ultraaraututako merkatu batean enpresa transnazionalen de facto gobernu bat ezartzeko egitura politiko eta juridiko berriak finkatuz.

Hizpide dugun fenomenoa osatzen duten hitzarmen-, artikulu- eta eranskin-nahaspilan arakatu eta ariketa horren ondorioak bildu dira dokumentu honetan, politikoki azaltzen duen ardatz nagusia laburtzeko nahiak eraginda: zer lortu nahi duen, zer ondorio izango dituen, nork duen zeregin nagusia. Lehen atalean, testuinguru historiko kritiko batean kokatuko dugu olatu berria, Munduko Merkataritza Antolakundeak (MMA) eta Inbertsioei buruzko Alde Anitzeko Hitzarmenak (IAAH) bideratutako aurreko olatuaren porrotaren ondoren. Jarraian, belaunaldi berriko hitzarmenen helburu nagusiak azaldu eta, gero, hitzarmen horiek gure bizitzan izango lituzketen eraginik adierazgarrietan sakonduko dugu. Hariari jarraituz, erasoaldiaren protagonistak zein diren aztertuko dugu, blokeen arteko agenda-gatazka eta interes nagusiak nabarmenduz. Azkenik, bukatzeko, merkantilizazio-, menderatze-, kanporatze-, jasanezintasun- eta desgobernu-logikak areagotzen dituen fenomeno horri aurre egiteko eta deuseztatzeko deia egingo dugu.