[ES Paperak 5. zk.] Gizarte berrikuntza, politika publikoak eta ESS
Lan honen bidez, Gizarte Berrikuntza kontzeptuan sakondu, eta marko teoriko-analitiko bat eraiki nahi da, helburua izanik Ekonomia Sozial eta Solidarioaren aldeko ekimenak -besteak beste, Euskadiko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak (REAS-Euskadi) barne hartzen dituen ekimenak- kokatzen eta balioesten lagunduko duen tresna bat sortzea. Bestalde, kontuan izanik zenbaterainoko garrantzia duen aliantza publiko-pribatuak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren aldeko politika publikoak bideratzeko, tarte bat hartu dugu azaltzeko zertan den aliantza-eredu hori eta zeintzuk diren gakoak hura sendotu eta garatzeko.
Gizarte Berrikuntzaren adiera ez-utilitarista abiapuntu hartuta, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren aldeko erakundeen ekimenekin lotutako gizarte-berrikuntzak aztertu ditugu, eta, horretarako, CRISES erakundeak Quebeceko egoera azaltzeko baliatutako azterketa-markoa hartu dugu erreferente. Bestalde, xeheago azaldu ditugu CRISES erakundeak Gizarte Berrikuntza kontzeptua definitzeko baliatzen dituen elementuak, baita halako prozesuak kategorizatzeko baliatzen dituen hiru eremuak ere (gobernantza, elkar-eraikitzea eta ekonomia plurala), eta gizarteberrikuntzen bilakaera aztertu dugu gainetik. Bukatzeko, Gizarte Berrikuntzarako interesgarriak izan litezkeen erreferentzien zerrenda aberaste aldera, labur azalduko ditugu ondasun erkideak kontzeptuari buruz azken aldiotan egin diren ekarpen nagusiak.