Zabalduz Kooperatiba Elkartearen aurkezpen publikoa (Donostia)
Datorren ostiralean, urriak 28, 12:00etan, eratu berri den Zabalduz Kooperatiba Elkartea aurkeztuko da jendaurrean. Ekitaldiaren bitartez, Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatibak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Adingabeentzako Uba Egoitzako langileek sustatutako proiektu bat gauzatu dela ospatu nahi dugu.
Zabalduz Kooperatiba Elkartearen xede eta misioa hau da: “esku-hartze sozialean eta gizartean aldaketa sustatzea, pertsonaren errespetua eta ongizatea eta bere bizitza kalitatea lortzeko, jarduera ekologiko, iraunkor, garden eta hurbilarekin, berak diharduen komunitateari lotuta, eta eragile publikoekin eta gizarte zibil antolatuarekin lankidetzan”.
Zabalduz Koop. Elk. jendaurrean aurkeztuko dela eta, gizarte zerbitzuen arloko eta Hirugarren Sektoreko eragileak eta solaskideak gonbidatu eta gure artean egon daitezen nahi dugu (administrazio publikoa, elkarteak, kooperatibak, sindikatuak…).
Ekitaldiaren hasieran solasaldia egingo dugu gizarte zerbitzuen arloko parte hartzeari eta gizarte ekimenari buruz, ikus-entzunezko bat proiektatuko da, “Zabalduz Kooperatiba Elkartea: aukerak zabaltzen” izenburuarekin, eta ondoren aperitiboa hartuko dugu Gros auzoan.