Ez lapurtu gure energia

Buscador de recursos

Urriaren 17an Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna oroitzen da. 2005etik hona Euskadiko hainbat kolektibo sozial ahotsa altxatzen ari gara egun hori salaketa eta aldarrikapenerako jardunaldia izan dadin. Helburua da munduko, Europako eta Euskadiko pobrezia eta desberdintasunen inguruan euskal gizartea informatzea eta sentsibilizatzea. Aurten, geure ekimenetarako pobrezia energetikoa aukeratu dugu ardatz moduan, hurrengo lelopean:Ez lapurtu gure energia.

Pobreziaren datuak benetan ikaragarriak dira gaur egun, ez bakarrik mundu mailan, baizik eta Estatu eta tokiko mailan ere bai. Munduko 1.200 milioi pertsona egunean 1,25 dolar edo gutxiagorekin bizi dira, eta garapen bidean dauden 91 herrialdetako ia 1.500 milioi lagun pobreziaren mugan daude. Europan, biztanleriaren %23,4 bazterkeria arriskuan daude. Espainiar Estatuan ere, lau biztanletik bat bazterkeria arriskuan dago, eta Euskadin, bostetik bat. Egoera bereziki kezkagarria da emakumeentzat, kontuan izan behar baita bazterkeria egoeran bizi diren pertsonen %82 direla. Egoera horrelakoa izanik, babes sozialeko sistema mantentzea beharrezkoa da, pobreziaren aurka borrokatzeko mekanismo onenetako bat delako.

Pobrezia energetikoan arreta berezia jarri nahi dugu aurten, oinarrizko premietarako (elikadura, higienea, berogailua…) gutxieneko energia zerbitzuak eskuratzeko duten ezintasuna balitz bezala ulertuz. Arazo hori biztanleen %4k dute Euskal Autonomia Erkidegoan, ia 90.000 lagunek alegia, eta Estatuan, berriz, %10ek. Gainera, zifra hori handitu egin da azken hilabeteotan fakturak igo direlako eta krisi ekonomikoak bere horretan dirauelako. Beraz, konponbide bat eman behar zaio tarifa elektrikoaren defizitari, baina tarifa igo barik; aldi berean, etxebizitzen birgaitze energetikoko plana hobetu behar da enplegua sor dadin, energia menpekotasuna murriztu, eta abar.

Mundu mailan errealitatea are krudelagoa da: 3.000 milioi pertsona bizi dira pobrezia energetikoaren pean, 2.400 milioi lagunek egurra edo ikatz begetala erabiltzen dute jakiak prestatzeko, 1.600 milioi lagunek ez dute argindarrik eta, aurreikuspenen arabera, kopuru horiek hazten jarraituko dute.

Kezkatu egiten gaitu pobreziaren, genero desberdintasunaren, energiaren eta ingurumenaren arteko lotura hautsezinak. Biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta mundu mailako muturreko pobrezia murrizten saiatzeko, energia kontsumoa handitu beharko da, eta, ondorioz, baita negutegi efektua eragiten duten gas isuriak ere, zeintzuek berekin baitakarte berotze globala. Beraz, tinko defendatu behar dugu justizia eko-sozialari eta ez ekonomiari erantzuten dion energia eredua. Eredu horren ardatz garrantzitsuenak dira «aurrezkia eta eraginkortasuna», teknologia «berriztagarrien» aldeko apustu sendoa eta «subiranotasuna», hau da, tokian tokiko kontsumoa oligopolioak baztertuz eta energia independentzia sustatuz.

Era berean, ez dugu ahaztu behar multinazional espainiarrek pribilegiozko posizioa dutela Latinoamerikako eta munduko beste eskualde batzuetako energiaren sektorean. Espainiako enpresen nazioartekotzeak ondorio larriak utzi ditu bidean, bai sozialak eta bai ingurumenari edota kulturari dagozkionak, eta uneoro urratu dira konpainia horiek ezarri diren herrialdeetako biztanle autoktonoen eskubideak. Aldarrikatzen dugu giza eta ingurumen eskubideak urratzen dituzten Espainiako energia enpresak zigortzea eta neurri hertsagarriak hartzea eskubide horiek bete daitezen.

Aldi berean, energia berriztagarria ekoitzi eta merkaturatzeko ekimen txiki kolektiboak eta irabazteko asmorik gabekoak sustatzea alternatiba argitzat jotzen dugu multinazional elektriko handien aurrean. Erkideko mailan, GoiEner aipa dezakegu, besteak beste.

Azken finean, sistema neoliberal-heteropatriarkal hegemonikoa bukatu behar dugu, ekologikoki suntsitzailea, etikoki bidegabea, ekonomikoki ezberdintzailea eta kulturalki hondatzailea delako. Eta bereziki naturarentzat eta emakumeentzat kaltegarria delako.

Pobrezia eta desberdintasunak ez dira ez justifikagarriak ez ezinbestekoak: borondate politikoa eta hiritarra behar da horiek desagerrarazteko. Hiritar guztiek bat egin dezakete bi elementu horiek ezabatzeko aldarriarekin, dela salaketen bitartez, dela mobilizazioetan parte hartuz, edo eguneroko bizitzako hautu eta jarreren bitartez. Helburu horiekin, Ez lapurtu gure energialelopean, Pobreziaren Aurkako Astearen inguruan hainbat ekimen antolatu ditugu aurten Euskadin.