Ecologismo

40 urteren ostean ere, betiko filosofiari eusten diote Emausko Trapuketariek

Praka zahar pare bat, aldatu nahi dugun mahai bat, ongi funtzionatzen ez duen garbigailu edo telebista… Azken lau hamarkadetan, Emausko Trapuketariak elkartea arduratu da horiek guztiak bildu eta birziklatzeaz. Bigarren aukera ematen diete traste zaharrei, baina baita elkartean lan egiten duten baztertutako pertsonei ere. [Ion ORZAIZ] Iruñea, 1972ko Aste Santua. 200 bat boluntariok “Emaguzu soberan […]

5 mayo 2012
Etiquetas:

Buscador de noticias

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

Praka zahar pare bat, aldatu nahi dugun mahai bat, ongi funtzionatzen ez duen garbigailu edo telebista… Azken lau hamarkadetan, Emausko Trapuketariak elkartea arduratu da horiek guztiak bildu eta birziklatzeaz. Bigarren aukera ematen diete traste zaharrei, baina baita elkartean lan egiten duten baztertutako pertsonei ere.

[Ion ORZAIZ] Iruñea, 1972ko Aste Santua. 200 bat boluntariok “Emaguzu soberan duzun hori” kanpaina abian jarri zuten eta etxez etxe ibili ziren, jendeak bota nahi zituen altzariak, etxetresna elektriko zaharrak eta, batez ere, arropa biltzen. Horiek guztiak Santa Luziako herrixkara eraman zituzten, bertan, bazterketa egoeran bizi zen ijito portugaldarren komunitateari emateko. Une horretan hasi zen Emausko Trapuketarien ibilbide oparoa Nafarroa Garaian. Aurten, 40 urte bete berri dituen ibilbidea, eta funtsean, aldatu ez dena.

Gaur egun, Emausko Trapuketariek enpresa handia osatzen dute: 200 langile baino gehiago aritzen dira Saratsa, Lizarra, Tutera edota Iruñeko guneetan; urtero-urtero 10.000 tona hondakin biltzen dituzte; eta 400.000 herritarrei eskaintzen diete zerbitzua. Helburuak, ordea, betikoak dira: gizarte berdintasunaren alde lan egitea, natura zaintzea eta pertsonen arteko elkartasuna sustatzea, besteak beste. Elkarteko kideen esanetan, egun bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean, inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute oinarri filosofiko eta ideologiko horiek guztiek.

Trapuetatik birziklapenera

Gorago aipatu bezala, 1972an hasi ziren Iruñerriko boluntarioak elkarlanean, talde eta gizabanako baztertuenei laguntza emateko asmoz. 1978an, Boluntarioen Lan-Esparruak urratutako bideari jarraiki, Emaus Villa Simona komunitatea sortu zuten Mendillorri herrian. Garai hartan, Estatu frantsesean sortutako Emmaus mugimenduaren filosofia ardatz hartuta, komunitate berriak pertsonen arteko elkartasuna eta justizia sustatuko zituela erabaki zuten. Hamar bat pertsonek osatu zuten Villa Simona, eta ordura arte, boluntario lana zena, lanbide izatera pasa zen.

Trapuketarien lan esparrua izugarri hazi da urteotan, elkartearen hastapenetan arropa baitzen euren “lehengai” bakarrenetakoa. 1981ean hasi ziren bilketa selektiboa egiten, Antsoainen beira eta papera bilduz. Aitzindari izan ziren Iruñerri osoan, birziklatzearen esparruan. Handik lau urtera, 1985ean, lehen hitzarmena sinatu zuten Iruñeko Udalarekin, altzariak eta tamaina handiko hondakinen bilketa kudeatzeko. Gerora, Emausko Trapuketarien bideragarritasun ekonomikoa bermatuko zuen hitzarmen-sarearen lehen harria izan zen hura. Gaur egun, hamahiru mankomunitaterekin sinatuta dituzte lankidetza-hitzarmenak, atez ateko bilketa egin eta zenbait hondakinen kudeaketaz arduratzeko (batez ere, altzariak, arropa eta tresna elektroniko zein elektrikoak).

1985. urte horretan bertan, Villa Simona utzi eta komunitate berria zabaldu zuten trapuketariek Beltzuntze herrian. Bertan, lana emateaz gainera, bizitzeko modu berri bat ere eskaintzen zaio parte hartu nahi duen orori: «Gure helburua da arazoak dituzten edo babesik gabe bizi diren pertsonei (gizon edo emakume izan), bazterketa egoera delako horretan dauden guztiei, harrera egitea. Horrez gainera, komunitatearen ateak zabalik daude bizimodu ezberdin edo alternatiboa bilatzen duten pertsonentzat», azaltzen dute elkarteko kideek. «Aniztasuna gure aberastasunik preziatuena da: traperoen kolektiboan, adin, kultura, erlijio edota jatorri ezberdineko lagunak biltzen gara, errespetu eta berdintasun testuinguru baten baitan, betiere». Gaur egun, Nafarroako Emausko Trapuketarien lantaldea osatzen duten pertsonen %50 euskal herritarrak dira (%38 nafarrak eta %12 Euskal Herriko beste herrialdeetan jaiotakoak), %17 Estatu espainoletik etorritakoak eta %16 Afrikatik iritsitako immigranteak.

Izan ere, Emausko Trapuketarien jarduerak bi ardatz nagusi ditu: alde batetik, birziklatzearen bidez ingurunearen alde egindako lana; eta, bestetik, baztertutako pertsonen birgizarteratzea. Horregatik guztiarengatik, traperoek birziklatze enpresa hutsa baino gehiago osatzen dute. Bigarren aukera ematen diete, bai jantzi eta tresna zaharrei, baita pertsonei ere.

«Seguruenik, beste inon lana aurkitzeko arazoak izanen lukete hemengo behargin askok, baina Trapuketarien baitan, lanbidea ikasi eta soldata xume baina duina jasotzen dute», aipatu digu elkarteko kide den Pili Yoldik. Hain zuzen, ahalik eta jende gehien kontratatzea da Emaus elkartearen xedeetako bat, nahiz eta, horretarako, gainontzeko langileek lanaldia (eta ondorioz, baita soldata ere) murriztu behar duten: «Guztiok jasotzen dugu soldata berbera, eta sei ordu eta erdiko lanaldia dugu. Egun bizi dugun egoera ekonomiko latzean, kobratzen duguna ez da asko, baina modu horretan, jende gehiagok lan egin dezake gure lantegi zein saltokietan, eta, aldi berean, aisialdirako tarte zabalagoa dugu. Gutxiago lan egin, guztiok lana izan dezagun», esan digu. Eredu kapitalistatik urrun dagoen enpresa da Emausko Trapuketariak, helburua ez baita etekinak ateratzea, pertsonen ongizatea bermatzea baizik. Eta filosofia horrekin bat egiten dute kide guztiek.

Kontsumismoari aurre eginez

Trapuketariek Saratsa herrian dute lantegi nagusia. Ataletan banatuta dago, eta, bertan, hondakinak jaso, sailkatu, konpondu, bideratu eta saldu egiten dituzte. Altzariak, arropa, informatikako gailuak, etxetresnak… Hamarnaka behargin aritzen dira horiekin guztiekin lanean, ahalik eta gehien berrerabil daitezen.

Joaquin Sanz Arizaleta arroparen sailean aritzen da, eta hari esker, inoiz baino portzentaje handiagoa birziklatzen dute. Ehungintza enpresa baten jabe da, eta formula berriak aplikatu ditu material guztia berrerabili eta saldu ahal izateko: «Balio duen arropa gure denda eta azoketan saltzen dugu; saldu ezin diren jantziak zatitu eta, horiekin, trapuak egiten ditugu; trapuak egiteko ere balio ez duten oihalak prentsatu eta borra izeneko material bat egiten dugu, eta horrek baditu hamaika erabilera. Alde batetik, haria egiteko erabiltzen dugu, eta, horretarako, baliagarri ez diren hondakinak, kalitate urria dutenak, autoetako piezak egiteko ere erabil daitezke. Den-dena aprobetxatzen dugu», azaldu du Sanz Arizaletak.

Lantegiko beste eremu batean, Gorka Mediavillak etxetresna elektriko eta elektronikoekin lan egiten du. Pantaila laudun telebistak, hozkailuak, DVD erreproduzitzaileak, routerrak, fotokopiagailuak, ordenagailuak, musika aparatuak… Denetarik konpontzen dute, eta konponketa ezinezkoa bada, metal zein gainontzeko material kutsakorrak kentzen dizkiete, birziklatu ahal izateko. «Hozkailuen birziklapen prozesuan, beharrezkoa da bi faseko tratamendua egitea. Guk lehenengo fasea egiten dugu hemen bertan: aparatuek barnean duten gas kutsakorra kendu eta, behin hustuta, kanpora ateratzen ditugu, espezializatutako zentro batean desmuntatu ditzaten. Telebista zapalek ere tratamendu berezia behar dute, pantailan itsatsita gelditzen den fosforoa kendu behar baitugu». Arazorik handiena, alta, fotokopia makinen tonerrena da: «Tonerrak apurtzen badira, tinta hautsez belzten dituzte aparatuen zirrikitu guztiak. Horregatik, hori guztia bota eta materialak berrerabili baino lehen, ongi baino hobeto garbitu behar ditugu pieza guztiak», azaldu du Mediavillak.

Sektore honetan, bestalde, beste inon baino askoz garbiago ikusten da tresna elektronikoen «zaharkitzapen programatua» delakoa. «Inprimagailuak, adibidez, ez ditugu konpontzen jada, ez duelako merezi. Konponketak balio duenarekin, aparatu berria eros dezakezu, eta, beraz, halako tresna bat ezin izanen genuke inoiz saldu», aitortu du elkarteko kideak. «Gero eta etxetresna berriagoak iristen dira Saratsako lantegira, gutxi irauteko diseinatuta daudelako. Bitxia da, 20 urte baino gehiagoko bizitza aktiboa izan duten garbigailuak topa ditzakegulako hemen, eta duela pare bat urteko aparatuek baino hobe funtzionatzen dute. Gaur egungoek plastikozko danborrak dituzte, edo txip plakak, eta horiek konpontzea ezinezkoa da. Edo garestiegia».

Emausko Trapuketariak elkarteak Nafarroan egiten duen lan eskergaren erakusle garbia dira iazko datuak. Hala, ia 10.000 kilo hondakin jaso zituzten 2011n Nafarroan soilik (9.994.330 kg), eta, horietatik, 8.546.121 kilo berreskuratzea lortu zuten. Hondakinen %14 soilik bota behar izan zituzten. «Jendeak botatzen duena erarik eraginkorrenean aprobetxatzen saiatzen gara, egoera onean dauden gaiak gure dendetan salduz [elkarteak bost saltoki ditu Nafarroan; hiru Iruñean eta bana Lizarran eta Tuteran], eta gainontzekoa birziklatuz. Alor horretan aitzindariak dira Emausko Trapuketariak Nafarroan», azpimarratu du Pili Yoldik.

Ospakizun betean

Giro aparta nabari da egunotan Emausko Trapuketarien egoitzetan. Ospakizun egunak dira, elkarteak 40 urte bete berri dituelako. Urte osoan zehar, hamaika ekitaldi eginen dituzte, pertsona orori irekiak, euren lana argitara eman eta birziklatzearen garrantzia jendarteratzeko.

Hala, ospakizun horien baitan, iragan apirilaren 21ean, traperoek Saratsan duten egoitzaren ateak ireki zituzten, bertan egiten den lana erakutsi eta festa handia egiteko. Lan esparru guztiak erakutsi eta birziklapenaren prozesuaren nondik norakoak azaldu zizkieten bertara hurbildu ziren 1.000 bisitariei. Hori izan zen urteurrenaren lehen ospakizun ekitaldia, baina ez da bakarra izanen. Izan ere, heldu den ekainaren 9an, Iruñeko Arrotxapea auzoan Emausko Trapuketariek duten Triki Traku izeneko dendan, salmenta berezia jarriko dute abian elkartasuna eta gizarte berdintasuna sustatu nahian.

40. urteurrenari amaiera emateko, festa handi bat ere antolatzen hasiak dira, heldu den urriaren 20rako. Hitzordua Iruñeko autobus geltoki zaharrean izanen da, eta, bertan, elkartearen filosofiarekin bat egiten duten talde zein kolektiboek ere parte hartuko dute.

PIERRE ABADEA, EMAUSKO TRAPEROEN SORTZAILE

Emausko Trapuketarien mugimendua Parisko aldirietan jaio zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean. Pierre abadeak sortu zuen, 1949an, hiriko baztertu eta txiroei laguntza emateko asmoz.

Henri Grouès (gerora Pierre abadea izanen zena) Lyonen jaio zen, eta nazismoaren aurka borrokan eman zuen bere bizitzaren zati handi bat. Licien Cutaz sindikalistarekin batera, nazien jazarpena pairatzen zuten judutarrak ezkutatu eta Suitzara eramaten zituen. Gerra amaitu ostean, Parisera joan zen, eta, bertan, diputatu hautatu zuten 1947 eta 1951 urteen artean. Urte horietan, erortzear zegoen etxe bat erosi eta Emmaus izeneko komunitatea sortu zuen. Bizitzak zigortutako pertsonei laguntza ematen saiatzen zen. Zehazki, etxebizitzak erosten zituen, kale gorrian zeuden familiak bertan hartzeko.

Parlamentuko legealdia amaituta, dirurik gabe gelditu zen Pierre abadea. Bere proiektu solidarioa kolokan zegoen, eta beharrezkoa zen diru-iturri alternatibo bat topatzea. Komunitateko lankide batek trapuketari ofizioa irakatsi zion abadeari, eta une horretantxe sortu ziren Emausko Trapuketariak. 1954an, frantziar jendartearen kontzientzia astindu zuen, gizarte desberdintasunak salatuz. 2007ko urtarrilean hil zen.

 

Artículos Relacionados

----