Inklusioaren aldeko kultura baterantz, Ekinbide Publikoaren, Gizarte Zibilaren eta Merkatuaren bitartez (Bilbao)
Gaur egungo krisia ez da, inondik ere, krisi soil-soila, komunitateei eta gizon-emakumeoi sakon-sakon eragiten digun aldaketa estrukturala baizik. Alde horretatik, jakin badakigunez ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-krisiak elkarri estu lotuta daudela, garbi dugu ezinbestekoa dela gure eguneroko bizimoduarekin eta gizarte-antolaketarekin lotutako oinarrizko zenbait alderdi erro-errotik aldatzea.
Horregatik, gaur egungoa bezalako testuinguru aldakor honetan zer edo zer egingo badugu, ondo dabilena sendotu behar dugu, batetik, eta gaizki dabilena identifikatu, bestetik. Eta horretan gabiltza, hain zuzen, hainbat eragile: elkarte publiko nahiz pribatuetan lanean ari garen gizon eta emakume andana. Denoi dagokigu esku-hartze gero eta inklusiboagoen bila aritzea, eta horrek, hain justu, gizarte-berrikuntzaren alde jardun beharra dakar. Izan ere, gizarte inklusiboa lortzea, horixe da gakoa, Euskadi inklusiboa lortuko badugu.
Topaketa hau beste zenbaiten atarikoa da: Sarturen 25. Urteurrena ospatzen dela-eta elkarrekin gogoeta egitea eta bide berriak urratzea helburu duten topaketen atarikoa, hain zuzen. Horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Begoña Pérez Eransus irakaslearen azterketak ematen digun aukeraz baliatuko gara, eta bizi dugun testuinguru berri honen gakoak seinalatuko ditugu; bestalde, ahalegindu ere ahaleginduko gara gaur egun nahiz etorkizunean lanean eta esku hartzen jarraitzeko beharrezkoak diren baldintzen dekonstrukzioa egiten.
Adibide modura, Gaztaroa elkarteko Zubiak Eraikitzen taldeak eta Sartuko Gizarte Aholkularitzako zerbitzuek elkarlanean sortutako proiektu baten berri ematen duen argitalpena aurkeztuko dugu: Gizarte eta kultur dibertsitatea kudeatzea gizarteratze prozesuetan izenekoa, alegia. Proiektu horretan, era askotako profesionalek eta zenbait zerbitzutako erabiltzaileek hartu dute parte, eta denek batera gogoeta egiteari ekin diote, gizarte- eta lan-esparruetan inklusio-prozesuak nola ezar daitezkeen aztertzeko.







