“Saharako Ahotsak: ahanzturaren kontrako erresistentzia” erakusketa (Tolosa)
Buscador de eventos
Datorren astelehenean, maiatzaren 12an, 19:30ean, Tolosako Aranburu Jauregian, “Saharako Ahotsak: ahanzturaren kontrako erresistentzia” erakusketaren aurkezpena egingo da. Jarduera hori Tolosaldea Sahararekin antolatzen duen “Maiatza borrokan” kokatuta dago.
Hogei panel handi baino gehiagotan zehar, biztanleria sahararraren giza eskubideen egoeraren berrikusketa egingo da, bai okupatutako lurraldeetan bizi direnen egoera bai Tindufeko kanpalekuetan daudenena. Hainbat arlo jorratzen dira, besteak beste, biztanleria zibilaren kontrako bonbardaketak, desagerpen behartuak, Gdem Izk, pertsonen aurkako minak, edota autodeterminazio-eskubidea. Erakusketak bortxaketa horiei guztiei aurre egiteko biktimek eta herri saharar osoak erakutsi duen adorea nabarmentzen du. Bereziki, ahalegin kolektiboetan eta emakumeen borrokan jartzen du arreta. Proposamen bisuala argazki eta irudietan oinarritzen da. Erakusketak baditu beste baliabide batzuk ere; hala nola, hobi komun bat, “lotsaren harresiaren” inguruko panel erraldoi bat eta ikus-entzunezkoak dituen gela bat, non “Egiaren hazia” eta “Memoriaren lekukoak” dokumentalak proiektatuko dira.
Lan hau bai Hegoa Institutuak bai Aranzadi Zientzia elkarteak egindako ikerkuntza zabalaren testuinguruan kokatzen da («Memoriaren Oasia» eta «Meheris. Izan litekeen itxaropena») eta Euskal Fondoa, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udalaren laguntza jaso du.