Economía Solidaria

Kapitalismoaren aurrean, gizakia erdigunean

Gaur egun, ederto ezarrita dugu gure artean ekonomiaren eredu kapitalista basatia, gutxi batzuen etekin ekonomikoak maximizatu nahian inolako konplexurik gabe aritzen dena, aurrean jartzen zaion guztia koplarik gabe zanpatuz. Erabat globalizatutako diru-gose asegaitz horren kalteak ezinezkoa da zenbatzea, eta, ikaragarriak izan arren, etsipenezkoa da zenbaitetan nagusitzen den jarrera, basapiztiaren aurka ezer egin ezin delakoan.Alabaina, badira […]

8 septiembre 2017

Buscador de noticias

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

Gaur egun, ederto ezarrita dugu gure artean ekonomiaren eredu kapitalista basatia, gutxi batzuen etekin ekonomikoak maximizatu nahian inolako konplexurik gabe aritzen dena, aurrean jartzen zaion guztia koplarik gabe zanpatuz. Erabat globalizatutako diru-gose asegaitz horren kalteak ezinezkoa da zenbatzea, eta, ikaragarriak izan arren, etsipenezkoa da zenbaitetan nagusitzen den jarrera, basapiztiaren aurka ezer egin ezin delakoan.
Alabaina, badira amore eman nahi ez eta erraldoiari aurre egiten diotenak. Txikitasunetik bada ere, eta ahal duten neurrian, bestelako ekonomia eredua proposatu eta gauzatzen dute, pertsonen bizi kalitatea eta bizitza bera ekonomiaren erdigunean jarrita. Hala, giza baliabiderik zukutzen ez duen edota bitarteko kolektiboetan oinarritutako ekoizpena dute helburu, elkartasunean eta saretutako jardunean oinarrituta. Ekonomia soziala, solidarioa, eraldatzailea… guztia beharko dugu, egungo sistema jasanezina irauli nahi badugu. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Iban Lantxo.
“Ez dugu izan nahi sistema kapitalistaren aurpegi atsegina; alderantziz: logika hori aldatzera gatoz”
Ekonomia sozial eta eraldatzailean diharduten hogeitik gora proiektuk osatzen dute OlatuKoop sarea. Haien artean da Talaios kooperatiba. Teknologiaren alorrean aritzen da, aholkularitza eta garapen zerbitzuak eskaintzen, betiere egungo eredua eraldatzeko helburuarekin. Ideologia eraldatzaile hori “gure DNAn dago”, Talaioseko kide Amaia Oleaga (Orereta, 1992) ekonomistak dioenez. Berak azaldu dizkigu OlatuKoop sarearen nondik norakoak.
Sare irekia da OlatuKoop. Alegia, “ez duzu inon izenik eman behar”. Oinarri irekiak ditu, “eta horiekin bat egiten baduzu, horien arabera funtzionatzen baduzu, sarean sartzen zara”. Oinarriek, printzipioek, argi zehazten dituzte sarearen izaera eta helburuak. Demokrazia ekonomikoa, gardentasuna, elkartasun pertsonal zein komunitarioa, ondare komuna eta iraunkortasuna sustatzea, inguruko sarerako nahiz jendartearentzako ongizatea bilatzea… irizpide horietan guztietan oinarritutako ekoizpen eta gizarte ereduak sustatzea du xede OlatuKoopek. Oleagak dioen moduan, “bizitza erdigunean jarriz eta aberastasuna era orekatuan sortzeko ekoizpen bitartekoen kolektibotasunean oinarritutako ekoizpen eredua sortzea. Oso esaldi puztua da, baina nik uste mamia barnebiltzen duela”. Egun, 25 enpresa-proiektu pasatxo ditu OlatuKoopek. Komunikazioaren esparruan ari direnak, teknologien alorrean, elikaduran… hainbat jarduera motatako enpresa egitasmoak batzen ditu. 
Ekonomia sozial eta eraldatzailearen betaurrekoak jantzita jarduten du OlatuKoopek. Lan horretan, hein handi batean, ekonomia sozial eta alternatiboan jarduten duten elkarte eta eragileekin bat egiten du haren bideak. “Esparru askotan bat egiten dugu, askotan logika berak aplikatzen ditugu, eta aliatu bezala ikusten dugu elkar”. Halere, sarearen izaera eraldatzailea ondo azpimarratzen dute OlatuKoopekoek, argi erakusteko “ez garela sistema kapitalistaren nitxo bat arlo sozialean. Ez dugu izan nahi sistemaren aurpegi atsegina, ez gara etorri sistema kapitalista zital hori legitimatzera edo erakustera horren barruan gauzak egitea posible dela. Alderantziz: logika hori aldatzera gatoz, sistema honen mugak erakustera eta pedagogia egitera erakusteko zergatik aldatu behar den sistema osoa. Nik uste eraldatzaile hitzean dagoela horren motorra”.
Eraldatze lan horretan, saretzea ezinbestekotzat dute. Teknologiaren alorreko kontzeptuak baliagarriak zaizkie egitura eta funtzionamendu hori azaltzeko: “Nodo txikiz osatutako sare batean sinesten dugu, nodo horiek elkarren artean lotuta, hala resilienteagoak garelako, eragiteko gaitasun handiagoa daukagulako eta gorabeherak hobeto jasan ditzakegulako. Hori, jakina, benetan saretuta baldin bagaude gauzatuko da. Bestela, irlatxo txiki isolatuak gara, eragiteko inolako gaitasunik gabe”.
Hain zuzen, saretzeko beharrak eragin zuen OlatuKoopen sorrera. Talaiosen esperientzia oinarri hartuta mintzo da Oleaga: “Sortzetik konturatzen zara zuk egin nahi duzun hori bakarrik egitea ezinezkoa dela. Hortaz, hasieratik daukazu saretzeko beharra”. Hala, deialdi ireki bat eginez hasi zen gorpuzten OlatuKoop. “Lotura oso-oso naturala izan zen. Nahiz eta oso sektore ezberdinetatik lan egin, saretu egin behar gara”.
Saretzearen onurak askotarikoak izan daitezke. Interkooperazio sareak bizirauteko aukerak areagotzen ditu, “oinarrizkoetatik hasita: elkarri zerbitzuak erosi, elkartasun sareak sortu…”. Horrez gain, “egiten ari zaren horri zentzua ematen dio. Egunerokotasunean egiten dugun lan horretatik kanpo, aldaketa eragiteko lan hori OlatuKoopen dago, sare horietan eta kolektibotasun horietan”.
Hiru urte igaro dira OlatuKoop sortu zutenetik, eta Oleagak uste du urteotan sarea indartu egin dela. “Orain konturatzen ari gara beste gihar bat daukagula. OlatuKoop gisa ari gara proiektuetan parte hartzen, hau da, dagoeneko subjektu bezala gorpuzten ari da”. Horren erakusle da KoopFabrika, ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa, hainbat erakunde eta eragilerekin lankidetzan garatua.
Emankorrak izan dira lehen hiru urteak, eta ez soilik KoopFabrika egitasmoa mar-txan ipini dutelako. Oleagak dioenez, “oso txikitik, bere esparru txikian eta bere eragin oso txikiarekin, OlatuKoop erreferente politiko bilakatzen ari da zenbait arlotan. Baldin-tza eta eztabaida batzuk mahai gainean jarri ditu, eta zenbait esparrutan oso presente egotea lortu du. Oso urruti gaude oraindik, baina nahiko genuke benetan ekonomia lehiatzera iritsi, eta benetan gaitasuna eduki zenbait politika baldintzatzeko; politika ekonomikoan-eta hartzen diren erabakietan, gure ahotsa kontuan hartzeko bat izatea”. 
“Modu globalean pentsatzea da kontua, modu lokalean jokatuta”
 
Amaia Naveda ekonomialaria (Bilbo, 1986) REAS Euskadiko teknikaria da. REAS da ekonomia sozial eta solidarioa (ESS) praktikan jartzen duten hainbat kolektiboren sarea. Antzeko sareak daude Espainiako estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetan, eta haiekin koordinatuta aritzen da lanean. 
Ekonomia soziala aspaldiko kontzeptua da, baina “ekonomiaren azken urteotako bilakaera ikusita, ekonomia solidarioaren mugimendua hasi zen sortzen. Euskadin, sare moduan, duela 20 bat urte” dio Navedak. Mugimenduaren xedea da“ekonomia sozialaren balioak berreskuratzea, eta XXI. mendeko beste batzuk gehitzea”.  
Sei baliotan oinarritzen da ESS: ekitatea, lana, ingurugiro iraunkortasuna, lankidetza, inguruarekiko konpromisoa eta irabazi asmorik eza (etekinak enpresan bertan edo gizartean inbertitu behar dira). Horiek dira, halaber, kolektibo bat REASen sartzeko bete beharreko sei baldintzak, eta ikuskapen soziala da betetzen diren neurtzeko tresna.
Gero eta kolektibo gehigo dago ESSren arloan, baina errealak ote dira sortzen ari diren alternatibak? Navedaren ustez, horixe da, hain zuzen, mugimendu honen berezitasuna: “Erreala eta ukigarria da, erraz neurtzeko modukoa. Adibidez, Fiare bankua, dagoeneko finantza eragiketa ia guzti-guztiak egiten dituena. Laster hasiko da etxea erosteko maileguak ematen ere, baina oso baldintza zorrotzekin eta inoiz ez bigarren etxea erosteko. Energiaren arloan ere badaude hainbat aukera energia berdea irabazi asmorik gabeko kooperatiben bidez lortzeko. Elikagaien eta jantzien esparruan ere badira hainbat. Sektore garrantzitsuetan aukerak daude”. Dena den, batzuetan zalantza izaten da horiek zabal daitezkeen jendarte osora, ala gune txikiagoak behar dituzten behar bezala funtzionatzeko. Navedak dio beharrezkoa dela txikiak izatea, “tokian tokikoak izatea nahi dugulako, norberaren lurraldetik gertu egon daitezen. Halere, saretuta daude, eta Espainiako estatuan sare sektoriala dago finantza etikoaren arloan, bidezko merkataritzan, energia berriztagarrienean…”.
Ipar Euskal Herriarekiko lotura, ordea, “egiteke” dago, “nahiz eta noizbait mugaz gaindiko proiekturen bat sortzen saiatu”. Beraz, etorkizunean inoiz lortuko balitz ESS asko hedatzea, “ideia litzateke saretutako gune txikietan funtzionatzea, inguruarekiko konpromisoa betetzeko. Modu globalean pentsatzea da kontua, modu lokalean jokatuta”.
Esparru askotara zabaltzen ari da ESS, baita telekomunikazioen eremura ere: “Sakelako telefonoen Som Connexió kooperatiba, adibidez, Katalunian jaio zen, baina estatu osoan aritzen da. Oso indartsua da, halaber, zaintzaren sektorea, adinekoak, umeak eta bazterketa egoeran dauden pertsonak zaintzeko”. Dena den, sektore batzuk oraindik ez dira hurbildu ESSra, garraioena, adibidez: “Emaus elkarteak kudeatzen ditu bizikleta publikoak, edo Laguncar elkartearen bidez, jendeak autoa partekatzeko aukera dauka, baina oso esperientzia mikroak dira. Pentsatu beharra dago zer egin hegazkinekin eta merkantziak garraiatzeko tren eta kamioiekin. Sektore horiek egundoko inbertsioak behar dituztenez, oso zaila da bertan sartzea”.
Bestalde, hainbat erakunde publiko ere ari omen dira saiakera egiten ESS aplikatzeko, “eta ez da itxurakeria hutsa”. REASek iaz egindako ikerketa baten arabera, “erakundeetan badaude jardunbide horiek, baina batzuetan ez dute jakiten ESS gauzatzen ari direnik ere. Administrazioekin urte batzuk daramatzagu erosketa publiko arduratsuaren gaia lantzen, administrazio publikoa delako erosketa gehien egiten duen erakundea, eta gauzak aldatzen ari dira, pixkanaka bada ere. Errazagoa da udal txikietan eragitea handietan baino, baina, esate baterako, Bartzelonako Udalak hainbat milioi gastatzen ditu urtero erosketa arduratsuetan. Gasteizko Udala ere teknikariak prestatzen ari da… Lehen baino borondate politiko handiagoa sumatzen da eta, inertziak apurtzea zaila izan arren eta astiro joan arren, emaitzak ikusten hasiak gara”. 
Horiek REAS Euskadik urtero antolatzen duen azokan ere ikusiko dira. Aurten Gipuzkoan egingo dute, azaroaren 18an.
“Enpresa baterako etekin ekonomikoa eta aldi berean etekin soziala bilatzea ez da bateraezina”
Etxebizitzen negozioa, kapitalismo basatienaren ikurretako bat, ekonomia etiko eta solidarioan oinarritua? Benetan izan daiteke? Roberto Cacho (Santander, 1971) enpresariaren ustez, “sektore pribatuak etekin ekonomikoak bila ditzakeen arren, ez du zertan edozein preziotan egin, xedea etekin sozialarekin eta ingurumen-etekinarekin uztar baitaiteke”. Ideia horrek eraman zuen Etikalia enpresa sortzera, “higiezinen enpresa etikoa”.
Etikalia 2014an jaio zen. Roberto Cachok hamar urtez zuzendu zuen Eusko Jaurlaritzako Bizigune programa (etxebizitza hutsak mobilizatzeko egitasmo publikoa), eta lanpostuan ezagutu zuen “oso kasuistika zabala; bai eta eremu honetan sektore pribatuak beste era batera jokatu ahal zuela ere, bi alderdientzat onuragarriagoa eta bidezkoagoa izateko”. Eskarmentu horrekin, Etikalia sustatzea erabaki zuen; enpresak Bizkaian jarduten du bereziki, eta “higiezinen alorrean etekin ekonomikoak bilatzeaz gain, onura sozialak ere bilatzen ditu”.
Abiapuntu, Biziguneren bera izan zuen: etxebizitza hutsak kudeatzea. “Honen atzean dagoen arazoa ikaragarria da, eta, beharbada, eragileak ez dira behar bezain jakitun”. Erabiltzen ez den etxe batek kalte andana eragiten du, bai gizartean (besteak beste, eskaintza gutxiago dagoenez, prezioak garestitu egiten direlako), bai ingurumenean (etxebizitza bloke berriak eraikitzen direlako), baita jabeen ekonomian ere (etxeari euste hutsak dakarkion inongo irabazirik gabeko diru galeragatik). Okerrena da, Cachoren esanetan, “zenbakiak bat datozela: EAEn, 30.000 familia inguru egongo dira Etxebiden izena emanda, eta kopuru hori etxebizitza hutsen kopuruaren oso antzekoa da”.Eusko Jaurlaritzak egin izan ditu hainbat urrats norabide horretan, “baina ez dira nahikoak, inondik ere”. Cachok “azenarioaren eta makilaren” metodoa aipatzen du, Europako hainbat herrialde dagoeneko erabiltzen ari direna. “Alokairua sustatzeko neurriak oso ongi daude: Bizilagun programa bera eta Alokabide sozietatea, kuotak ordainduko direlako bermea… Horiek animalia xaxatzeko azenarioa lirateke. Halere, Jaurlaritzari makila erabiltzea falta zaio, zigortzea, alegia. Egia da herri batzuek, bigarren etxebizitzari dagokienez, Ondasun Higiezinen Zerga handitu dutela, baina horrek ez du inor limurtzen. Gobernuak askoz gogorragoa izan beharko luke; adibidez, etxebizitza hutsak zergapetzen dituen kanona egiatan aplikatuz, edo ikuskapen sakonagoak eginez”.
Egoera honetan, Etikalia eremu pribatuan alternatiba bat eskaintzen saiatzen ari da. Cachoren arabera, bi dira alde nagusiak gainerako agentziei dagokienez: zerbitzua bera, alde batetik; “eragin soziala” duten eragiketak, bestetik. Lehenik eta behin, bezeroak hautatzeko prozesu berezia dute: “Kaudimena izan behar dute, noski; baina ez diegu eskatzen dirutza, zentzu horretan malguagoak gara”. Halaber, errentatzaileari begira, “Etikaliara etortzen denak badaki zein diren gure errentarien ezaugarriak, eta hilero kobratuko duela ere badaki. Bestalde, gure eragiketa handienen ehuneko jakin bat gorde egin nahi dugu, gizarte ekimenetan inbertitzeko funtsa izan dadin: arazoak daudenean, fidantzak ordaintzeko, esaterako, edo alor honetako gizarte eragileei laguntzeko, etab”.
Haatik, argi dago arazoa ezin dela konpondu sektore pribatutik soilik, eta egungo arauekin “etxebizitza parke publikoa utopia izan daiteke, akaso, baina pixkanaka horretara heldu beharko dugu”. Hainbat proposamen ditu horretarako: “Egungo babes ofizialeko etxebizitzak beti zirkuitu publikoan edukitzea, esaterako; edo erabilera lagatzeko kooperatibak sortzea, Europako Iparraldeko herrialde batzuetan bezala, non jabetza publikoa izanagatik erabilera uzteko aukera dagoen”.Aukerak egon badaude, beraz, “eta azenarioa han-hemenka ere jartzen da; alabaina, egunen batean norbaitek hartu beharko du benetan makila”.
Aizu

Artículos Relacionados

----