Ecologismo
Elikadura ekologikoa eta ekonomia soziala, osagai
Maitane Aldanondo / Gara Massimiliano Martinelli eta Roberto Contin Pasta Martinelli kooperatiba txikiaren jabeak dira. Beriainen duten lantegian pasta ekologikoa egiten dute era tradizionalean. Osasunaz gain, ingurumena ere zaintzen dute energia berriztagarria baliatuz. Pasta Martinelli Beriaingo kooperatiba txiki bat da. Izenak iradokitzen duen eran, pasta egiten dute bertan; baina ez edonola, balio eta filosofia batzuei […]
Maitane Aldanondo / Gara
Massimiliano Martinelli eta Roberto Contin Pasta Martinelli kooperatiba txikiaren jabeak dira. Beriainen duten lantegian pasta ekologikoa egiten dute era tradizionalean. Osasunaz gain, ingurumena ere zaintzen dute energia berriztagarria baliatuz.
Pasta Martinelli Beriaingo kooperatiba txiki bat da. Izenak iradokitzen duen eran, pasta egiten dute bertan; baina ez edonola, balio eta filosofia batzuei jarraituz baizik. Ekonomia soziala eta elikadura ekologikoa ardatz dituen negozio honen ardura Massimiliano Martinelli italiarrak eta Roberto Contin iruindarrak dute. Martinellik bi hamarkada baino gehiago daramatza Nafarroan bizitzen eta darabilen euskara txukunean nabari zaio.
Langabezian zegoela negozio bat abiaraztea bururatu zitzaion, eta «hemen pasta ekologiko ona ez zegoela» jabetuta, berak egitea erabaki zuen. Familian egiteko ohitura izan arren, salmentarekin hasi aurretik, Italian duen lagun batekin hilabetez ikasten aritu zen. 2013an negozioari ekin zionean bera bakarrik aritzen zen, baina duela urte eta erdi istripua izan eta eskuineko besoa ukondoraino moztu zioten. Hasieran ixtea pentsatu bazuen ere, bezeroek animatuta jarraitzea erabaki zuen, horretarako kide bat hartuta. Contin batu zitzaion eta Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak elkarteak (ANEL) lagunduta, kooperatiba txiki bat sortu zuten 2015eko uztailean. REASeko –Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sareen Sarea– kide dira eta Som Energiako bazkide. Energia berriztagarria baliatzeagatik hilero jasotzen duten dohaintza ematen diote bigarrenari aurrera jarrai dezan.
Ekologikoa, artisaua, gertukoa eta energia berriztagarriekin egina. Halakoa da lantegi honetan ekoizten duten pasta. Fusilliak, makarroiak, maskorrak, edota espageti nahiz tagliatelle habiak sortzeko, zekalea, gari gogor semola, espelta eta Khorasan gari osoa eta zuria erabiltzen dute. Horiek ahal den neurrian bertakoak izaten saiatzen dira, baina topatu ezin izan dituztenak Aragoi eta Galiziatik ekartzen dituzte. Martinelliren hitzetan, hori da izan duten zailtasun garrantzitsuenetako bat. «Bertakoa erabili nahi dugu, baina askotan arazoak izan ditugu bertan aurkitzeko. Esaterako, semola Huescan hartzen dugu, Nafarroan ez baitute egiten, irina bakarrik. Nekazariekin harremana izaten saiatzen gara eta etorkizunean sinergiak sortu nahi ditugu hemen landatzeko».
Modu tradizionalean egiteagatik, bere pastak bi desberdintasun nagusi dituela azaldu du italiarrak. Batetik, forma emateko brontzezko trefila erabiltzen dute, eta horrek porositate handia ematen dio, saltsa hobeto xurgatu eta azkarrago egostea ahalbidetuz. Bestetik, tenperatura baxuan eta motel lehortzen dute, osagaien ezaugarriak mantenduz eta digestioa erraztuz. «40 gradutan lan egiten dugu, balio organoleptikoak mantentzeko, ez galtzeko. Gainera, ikerketa batzuen arabera, tenperatura altuarekin glutena eraldatu egiten da eta horregatik ez da horren digestiboa». Gauza asko eskuz egiten dituzte eta egunbete behar izaten dute prozesua osatzeko. Urtean 10.000 bat kilo ekoizten dute, industrialki egun bakarrean produzi daitekeena.
zeregin guztien arduradun
Zuzenean, banatzailerik gabe, saltzen dute. «Gogorragoa da, baina askotan bitartekariek prezioa izugarri igoarazten dute», zehaztu du arduradunak. Bezero nagusiak denda txikiak dira, bereziki, ekologikoak eta kontsumitzaile elkarteak. «Landare, Otarre, Biolai, Kidekoop… Filosofiagatik lotura dugu talde hauekin». Azoketan ere parte hartzen dute eta norbanakoen eskaerak jasotzen dituzte, posta elektronikoz. Euskal Herri osoan banatzen dute, orain sei hilabete Ipar Euskal Herrira iritsi baitziren. Madrilen eta Bartzelonan ere badituzte bezeroak, baina haiei agentzia bidez helarazten dizkiete produktuak. Gero eta ezagunagoak direla dio Martinellik, nahiz eta komertzial lan gutxi egin. «Ez dugu denborarik. Zorionez, ahoz ahokoak eta azoketan sortutako harremanekin zabaltzen ari gara gure merkatua». Zeregin guztiez arduratu behar dute, baina horrela «urratsa egiten dugu motel, baina ongi».
Pasta industriala baino garestiagoa izatea desabantaila bada ere, jendea elikadura osasungarriaren garrantziaz gero eta kontzientziatuago dagoela uste du arduradunak. Ildo horretatik, Iruñeko egungo udalak tokiko produktuen eta ekologikoen alde egindako apustua nabarmendu du Martinellik. «Duela hilabete inguru bertako produktuekin azoka egin genuen eta arrakasta izugarria izan zuen. Udalak lan handia egin zuen ezagutarazteko eta pila bat nabaritu da. Harremana ere askoz hobea da». Beraien produktuaz harro daude eta negozioak etorkizuna baduela uste dute, nahiz eta «gehixeago irabaz genezakeen…». Bi bazkideen xedea soldata duina lortzea eta lanean gustura egotea da. Biek filosofia eta bizimodu antzekoa dutenez, lana eta familia uztartzeko arazorik ez dute. Helburu ekonomikoari dagokionez, aldiz, «bidean gaude eta espero dugu pare bat urte barru lortzea. Krisi garaian hasi eta mantentzea ez da gutxi».