Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Manifestua

NULL

Buscador de recursos

NULL

Joan den 2012ko otsailaren 1ean, KONFEKOOPek antolatutako Euskadiko Ekonomia Sozialari buruzko jardunaldian, TESS mugaz haraindiko proiektuaren eremuan, Euskadiko Ekonomia Sozialaren esparruko erakunde ezberdinek (kooperatibak, lan-sozietateak, enplegu-zentro bereziak, gizarteratze enpresak, fundazioak eta ekonomia solidarioaren entitateak) konpromiso eta aldarrikapen partekatuak dauzkan baterako manifestu bat lehenengo aldiz aurkeztu zuten.

EUSKADIKO GIZARTE EKONOMIAREN MANIFESTUA

Gaur, Euskadiko Gizarte Ekonomiako hainbat enpresa-erakunde elkartu gara Donostian. Gure erkidegoan ibilbide historiko luzea daukan sektorea gara, gure komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialari bultzada handia eman diona. Pertsonen eta bere ingurunearen zerbitzura dagoen jarduera ekonomikoa ulertzeko modu berezi eta sortzailea defendatu eta garatzen duen mugimendu ekonomiko-soziala ordezkatzen dugu. Hura osatzen dugun eragileok ondoko konpromisoekin bat egiten dugu:

  1. Enpresa eta erakundeetan pertsonak lehenestea.
  2. Enplegu jasangarria, kalitatezkoa eta egonkorra sustatzea.
  3. Pertsonen parte-hartze demokratikoa enpresen eta erakundeen kudeaketan.
  4. Gizarte-integrazio eta kohesioari bultzada ematea.
  5. Gure komunitatearen garapenarekiko konpromisoa, gure jardueren lokalizazioa sustatzearen bidez.
  6. Aberastasunaren banaketa bidezkoa eta iraunkorra.
  7. Konpromisoa gizartearekin, ingurunearekin eta ingurumenarekin.
  8. Gure barne-jardueraren eta kanpo-harremanen balio nagusiak diren elkartasuna eta lankidetza sustatzea.
  9. Konpromisoa gizarte-erantzukizunaren arloko politika eta jardunekin.
  10. Lanpostuak sortu eta mantentzeko konpromisoa, krisi ekonomikoari aurre egiteko beste neurrien aurrean.

Azken konpromiso hori da hain zuzen ere, Gizarte Ekonomiaren aldeko apustua berresteko bide ematen diguna, are gehiago gaur egun bizi dugun egoeran. Izan ere, krisiari aurre egin eta ekonomiak gure gizartean bete behar duen papera berraztertzeko modu positiboa eskaintzen digu Gizarte Ekonomiak.

Azpimarratzekoa da halaber, gure erakundeen berezko printzipio eta balioak kudeatu eta ezartzeko orduan izandako arrakastak hainbat fororen sorrera ahalbidetu duela, enpresa eta erakundeetako kudeaketan eta erabakietan pertsonen parte-hartzearen beharra sustatzeko helburuarekin, gako garrantzitsua baita horixe edozein proiektuk arrakasta izan dezan. Printzipio horren ezarpenaren bidez, Gizarte Ekonomiako erakundeen gainerako berezko balioak ezarri eta garatu daitezkeela sinetsita gaude.

Konpromiso horiek abiapuntu hartuta, hona hemen Gizarte Ekonomiako erakundeon helburu eta erronkak:

  1. Geure balio eta printzipio bereizgarrietan sakontzea.
  2. Gizarte Ekonomiaren esparruan ekintzailetza berriak bultzatzea, eta batez ere enplegu iraunkorren kopurua handitzea.
  3. Beste eragileekin zein gizarte osoarekin ditugun harremanak handitzea eta geure burua ezagutzera ematea.
  4. Instituzioetan ordezkaritza eta ezagutza zabalagoa lortzea. Batez ere sektorea aintzat hartua izatea eta ekonomia, enplegua eta gizarte-ekintzarekin zerikusia duten esparru instituzionaletan parte-hartzeko aukera aldarrikatzen ditugu.
  5. Euskadiko Gizarte Ekonomiaren egitura instituzionala, planak eta estrategiak onartu berri den Gizarte Ekonomiaren Legearen edukietara egokitzeko lan egitea.
  6. Enpresen kudeaketa demokratikoan pertsonen parte-hartzea bultzatzen duten foro eta mugimenduei laguntza ematea eta bertan parte hartzea, eta gure esperientzia oinarri hartuta, Gizarte Ekonomiako erakundeak eratzeko laguntza eskaintzea.
  7. Gure zerbitzuetan ezarritako berrikuntza eta sormenaren bidez, euskal ekonomiaren garapenean laguntzea.
  8. Berdintasun, integrazio eta elkartasun irizpideak oinarri dituzten ekonomia eta gizarte bat eratzeko gizarteeragile eta erakundeekin lankidetzan aritzea.
  9. Euskadiko Gizarte Ekonomiaren sektore guztiak biltzen dituzten foro iraunkorren sorrera eta elkarlankidetza sustatzea.
  10. Ordezkatzen gaituzten gure erakundeen bidez, Gizarte Ekonomia sustatzeko Europako eta nazioarteko sareetan partea hartzea.

Azkenik, manifestu honen edukiak eta geure helburuak eragile instituzional, sozial eta ekonomiko guztiei zein gizarte osoari helarazteko konpromisoa hartzen dugu. Horrela, Euskadin Gizarte Ekonomia indartzen laguntzeko asmoa daukagu, ekonomia gizatiarragoa eta iraunkorragoa eraikitzeko bidean.

Donostian, 2012ko otsailaren 1ean

  • KONFEKOOP (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa – Confederación de Cooperativas de Euskadi)
  • ASLE (Euskadiko Elkarte Laboral Taldea – Agrupación de Sociedades Laborales de Euskadi)
  • EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea – Asociación de Empleo Protegido de Euskadi)
  • GIZATEA (Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen – Asociación de Empresas de Inserción del País Vasco
  • FUNKO (Fundazioen Euskal Konfederazioa – Confederación Vasca de Fundaciones)
  • REAS Euskadi (Ekonomia Alternativo eta Solidarioaren Sarea – Red de Economía Alternativa y Solidaria)