Iritzia: Mikel Zurbano, «Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren Bigarren edizioa»

NULL

Buscador de recursos

NULL

Nolanahi ere, lehen ibilbide honetako gogobetetze mailaren erakuslea da masterrak arlo akademikoetan eta gizartegintzan ere ezarritako igurikapenak lortu izana. Ekonomiaz eta gizarteaz bestelako ikuspegia duen masterraren eskaintza ikusarazi da eta bere oinarriak sendotu ahal izan dira. Gainera, akademiaren muga estuez harago gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren arloan lan eta ikerketa sare zabala ehuntzen ari gara.

Masterraren sorrera, zein diseinua eta eraikuntza prozesuetan unibertsitateko eremua, zehazki UPV-EHUkoa, gainditu dugu eta gizarte ekonomiako eta ekonomia solidarioko eragile eta erakundeekin lankidetza sarea sortzeko bidea zabaldu dugu. Are gehiago, hasierako ekimena eta bultzada UPV-EHUko irakasleekin harremanetan zeuden eremu honetako hainbat eragileren esku egon zen, izan ere izaera teorikoa zein praktikoa izango zuen eremuko espezialitate ikastaroaren beharraz ohartarazten gintuzten behin eta berriro. Beraz, ikastaroaren helburua sorrerako asmoarekin bat dator, gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko erakunde eta entitateen izaera sozialarekin eta etikoarekin ondo uztartzen den profil tekniko-teorikoa duten pertsonak heztea eta prestatzea, alegia. Euskal Herrian erakunde hauek duten tradizioaz harago, egungo krisiaren kontestuak gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioa krisiari irtenbide iraunkorra eta soziala aurkitzeko orduan etorkizuneko ardatz gisa bistaratzen ari da. Hori dela eta, eremu honetan profesional kritikoak eta konpromisodunak prestatzeko beharra gero eta premiazkoagoa da.

Masterraren eraketa eta kudeaketa UPV-EHUko graduondoko arautegiarekin bat dator, halabeharrez. Masterra ofiziala da, Europar Batasunak homologatua, izan ere ondoko bi erakunde hauen akreditazioak lortu ditu, ANECArena eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatearen Agentziarena (Unibasq). Jakina denez, errealitate honek formazio proiektua baldintzatzen du, izan ere arau eta irizpide batzuk betetzeko beharra dakar, irakaslegoari, finantza baliabideei, ebaluazioari eta beste arlo batzuei ere dagokienean. Antolaketaren ardura GEZKI Institutuak dauka eta unibertsitatearen eremuan UPV-EHUko beste erakunde batzuekiko lankidetzan egiten da: Hegoa Institutua, Lan Harremanetako Unibertsitate Eskola, Donostiako Enpresarako Unibertsitate Eskola, Ekonomia Aplikatua I saila eta Enpresa Zuzenbidea saila. Aipatzekoa da ere masterrak dituen unibertsitatez kanpoko erakunde laguntzaileak: Konfekoop, ASLE, EHLABE, Gizatea, REAS eta Hirekin.

Irakaslegoa gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko profesionalek eta unibertsitateko irakasleek osatzen dute. Hauek enborrezko zein hautazko irakasgaiak irakasten dituzte eta jarduera zein mintegi teoriko-praktikoak ere eskaintzen dituzte. UPV-EHUko irakasleak dira, batez ere ekonomia eta zuzenbide arlokoak, talde akademikoa osatzen dutenak, baina Deustuko Unibertsitateko zein Mondragon Unibertsitateko irakasleak ere bertan parte hartzen dute. Gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko erakunde zein entitateekiko lankidetza ez datza soilik profesional batzuk masterreko irakasleak izatean, gainera ikasleek erakunde horietan egiten dituzte jarduera praktikoak ikasturtearen bigarren zatian. Titulua eskuratzeko beharrezkoak diren 60 ETCSetatik 30 enborrezko irakasgaiak gauzatuta lortzen dira (gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren kontestu teorikoa, erakundeak, eskuhatze publikoa eta antolakuntza eta administrazioa). Beste 12 ETCS hautazko irakasgaietatik eskuratzen dira, 9 ETCS ikasleek entitateetan egiten dituzten jarduera praktikoetatik eta, azkenik, 9 ETCS gehigarri lortzen dira master amaierako lana burututa. Masterraren orientazioa profesionala da baina ikerketa bidea ere jarraitzeko aukera ematen du graduondoko ikasketetan aurrera egiteko, alegia. Izan ere masterra UPV-EHUko “Garapeneko Ikasketak” programarekin lehentasunezko lotura du.