Zure bankuaren jabe izan nahi duzu?

Ba al dakizu zure aurrezkiekin bankuek urtero zenbat irabazten duten? Ideiarik ba al duzu zure dirua zertan inbertitzen duten, urtero hainbeste irabazi lortzeko? Eta irabazi horiek guztiak, nork bereganatzen ditu? Ohiko bankuen jardueraz nekatuta bazaude eta zure aurrezkiei bestelako irtenbidea eman nahi badiezu, FIARE proiektuak aukera ederra eskaintzen dizu: Banku Etiko baten bazkide izatea.
Estatu mailan Banka Etikoko kreditu kooperatiba bat eratzeko asmoarekin, 2009 urtean FIARE proiektuak sozietate-kapitala biltzeko kanpaina jarri zuen martxan. 2012 urterako bost milioi euro batzea espero dute, eta gutxienez bost mila lagun eta erakunde-kideez osatutako oinarri sozial sendoa osatzea. Momentuz, FIAREk milioi bat euro baino gehiago bildu ditu, mila bat pertsona eta erakundek (horien artean, ALBOAN) bazkide gisa egindako ekarpenei esker.
inantzen eremuan irizpide solidarioekin jardungo den ekimen hau sortzen lagundu nahi baduzu, orain duzu garaia. FIARE Banka Etikoa proiektuaren kide egin zaitez!
Zer da Banka Etikoa?
Baina, zer da delako Banka Etiko hori? Askorentzat bi hitz horiek kontrajarriak izango dira ziurrenik, batez ere krisi finantzarioaren ondorioak larriki pairatzen ditugun honetan. Baina, aldi berean, bizi dugun krisi garaiak lagungarri izan dakiguke Banka Etikoaren beharra ulertzeko. Izatez, egun inor gutxik ukatzen du ohiko erakunde finantzarioen funtzionamenduan aldaketak eman behar direla eta alternatiba berriak behar ditugula. Alternatiba horien nondik norakoetan, aldiz, adostasunak epelduz doaz. Zenbaitek aldaketa sakonak aldarrikatzen dituzten bitartean, besteek zuzenketa bakan batzuk proposatzen dituzte, oinarrizko aldaketarik gabe.
Banka Etikoaren mugimendua funtsezko aldaketak aldarrikatzen dituztenen artean kokatzen da. Munduko beste mugimendu eta erakundeekin batera, sistema ekonomikoaren hainbat oinarri zalantzan jartzen ditu. Irizpide horren arabera, errentagarritasun ekonomikoa ez luke ekintza ekonomiko guztien muina izan beharko, etengabeko hazkunde ekonomikoak ezinbesteko premia izateari utzi beharko lioke, eta lurra nahi haina esplotatu daitekeen baliabidea dela pentsatzeari utzi beharko genioke.
Zentzu horretan, Banka Etikoak bitartekaritza finantzarioaren analisi etikoa proposatzen du. Lehendik eta behin, bere oinarrizko gizarte-funtzioa berreskuratzen saiatzen da: aurrezkien eta kredituaren arteko lotura izatea, prozesu garbi eta garden baten bitartez. Espekulazio produktuak, paradisu fiskalak, industrial karterak edota subprime hipotekak
bezalako elementuak ez dute, beraz, eredu honetan inongo tokirik. Bestetik, finantza-proiektuek iraunkortasun ekonomikoa behar dutela kontutan hartuta ere, etekin handienaren lorpenak ezin du erabaki ekonomiko guztien ardatza izan. Hau da, mozkinek ezin dute finantza-jardueraren balio soziala baldintzatu.
Azkenik, mota horretako finantza-jarduerek gizarteen beharrei adi egon behar dira. Finantza-erakundeek egundoko boterea dute gure gizarteetan (hiritarrek deposituan utzitako diruari esker lortutakoa, hain zuzen ere), baina botere horrek gizarteardura garrantzitsu bat usten du beraien gain, batez ere kreditua bideratzeko garaian. Banka Etikoak, beraz, gizarterako baliagarriak diren arloetara mugatzen du bere lan esparrua; hau da, gizarte hobeagoak eta zuzenagoak eraikitzeko bailagarriak izan daitezkeen proiektuak laguntzen ditu soilik. Eta, horretarako, ezinbestekoa zaio euren betebehar sozialen ardura hartzen duten pertsona eta erakunde talde zabal baten parte hartzea, aldatu nahi diren bidegabekeri horiek modu zuzenean ezagutzen baitituzte.
Ze helburu ditu Banka Etikoak?
Aspektu horiek guztiak kontutan hartuta, Banka Etikoaren helburua bikoitza da. Batetik, gizartean efektu positiboa eta eraldatzailea izan dezaketen ekintza ekonomikoak finantzatzea du helburu. Beraz, proiektu solidarioak, kulturalak, sozialak edota ekologikoak aurrera eraman nahi dituzten enpresa, erakunde eta kolektiboei laguntza ematen die, Hegoaldeko zein Iparraldeko gizarteetan giza garapena bultzatzeko. Hitz gutxitan, baztertutako jendearen eta horiek laguntzen dituzten erakundeen eskuetan jartzen dute dirua Banku Etikoek.
Bestetik, aurrezki eta inbertsiorako instrumentu arduratsuak eskaintzen ditu Banka Etikoak. Horien bitartez, hiritarrek beraien aurrezkien erabilera kontrola dezakete, eta ziur egon daitezke beraien diruarekin ez direla finantzatuko injustiziak mantentzen laguntzen dituzten enpresak edota jarduerak (armen ekoizpena, lanesplotazioa, ingurumenaren suntsipena…).
Bi zutabe horien gainean hainbat finantza ekimen alternatibo kokatzen dira: dirua erabiltzen ez duten proiektuak (trukea, denbora-bankuak), banku etikoak osatzeko proiektuak… Proiektu horiek guztiak euren izaera kooperatiboa partekatzen dute, soilik parte-hartze zabal baten bitartez lortu baitaiteke egungoa baino zuzenagoa den sistema ekonomikoa eratzea.
Zer ez da Banka Etikoa
Sarritan, banka tradizionalak hainbat estrategia komertzial erabiltzen ditu bezero “solidarioak” erakartzeko. Horrela, txartel, libreta eta fondo “solidarioak” sortzen dituzte, eta produktu horien komisioen zati bat Gobernuz Kanpoko Erakunde baten proiektuak finantzatzeko erabiltzen da. Nahiz eta zenbaitetan ekintza positiboak izan daitezkeen, argi izan behar dugu jarduera horiek ez direla Banka Etikoaren jarduerak, inork ez baitu zalantzan jartzen fondo horietan mugitzen den diruaren erabilera edota fondo horiekin zernolako enpresetan inbertitzen den.
Hala ere, horrek ez du esan nahi, banka tradizionalaren bezeroak garen heinean, gure banku edo aurrezki kutxei (batez ere azken hauei) euren inbertsio politiketan irizpide etiko batzuk jarrai ditzaten eskatu behar ez diegunik.
Zertan datza FIARE proiektua?
FIARE estatu mailan Banka Etikoko sistema eratzeko sortu den proiektua da. Bere abiapuntua 2001 urtean kokatzen da, Euskadi mailan gogoeta talde batek gure inguruan Banka Etikoa nola gauzatu zitekeen aztertzeari ekin zionean. Gogoeta horiek abian hartuta, 2003 urtean 52 erakunde sozialen artean (ALBOAN barne) Inbertsio eta Aurrezki Erantzulea Fundazioa (FIARE, gaztelerazko siglengatik) sortu genuen. Hurrengo urtean, FIAREk bere “bidaia orriaren” diseinua egin zuen. Lehenik eta behin, Europa mailan Banka Etikoan aritutako bazkide bat bilatzea erabaki zen, hasieran haren laguntzaz entitatea abiarazteko, baina betiere finantza entitate autonomoa eratu eta sendotzeko asmoarekin.
Aukeratutako europar bazkidea Italiako Banca Popolare Etica izan zen, eta 2005 urtetik aurrera FIARE Fundazioa bere agente gisa aritu da estatu mailan. Era berean, urte horretan FIARE proiektua estatuko beste lurralde batzuetara hedatzeko plana abian jarri zen. Horretarako, tokian tokiko hainbat sare eta mugimendu sozialekin kontaktuan jarri eta proiektuan parte hartzeko gonbitea luzatu zitzaien.
Egun, bostehun erakunde baino gehiago hartzen dute parte FIARE proiektuan. Erakunde horiek bederatzi lurralde-saretan antolatzen dira: Euskadi, Nafarroa, Katalunia, Valentzia, Erdialdea, Hegoaldea, Gaztela eta Leon, Galizia eta Kanariak. Bilbo eta Bartzelonako bulego iraunkorrez gain, aldiro jendearen eskariei erantzuna ematen dieten
hainbat gune daude Donostian, Gasteizen, Iruñean, Granadan, Kordoban, Valladoliden, Compostelako Donejakuen, Irunen, Ordizian, Valentzian eta Madrilen.
Banca Popolare Etica-ren agente gisa, FIAREk mailegu zein gordailu zerbitzuak eskaintzen ditu. Finantzazioa, oro har, eragin sozial positiboa duten jarduerak gauzatzen edo sustatzen dituzten enpresa eta irabazi asmorik gabeko entitate guztientzat zuzenduta dago. Proposatzen diren hiru diru-gordailu motak, aldiz, edonork kontratatu ditzake.
Kreditu kooperatiba ikusmugan
Aipatu bezala, FIAREren azkeneko helmuga estatu mailako kreditu kooperatiba eratzea da. Proiektu berriaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, gutxienez bost milioi euroko sozietate-kapitala bildu beharko du kooperatibak. Behin sortuta, kreditu kooperatibak bere gain hartuko du ordura arte FIAREk Banca Popolare Etica-ren agente gisa sortutako jarduera guztia, eta hedatze fasean zehar proiektuan sartuz joan diren sare eta entitateak bazkide egituran bilduko ditu.
2009 urtean FIARE proiektuak sozietate-kapitala biltzeko kanpaina jarri zuen martxan, 2012 urterako gutxieneko bost milioi euro horiek batzeko eta proiektuaren inguruan oinarri sozial sendoa osatzeko asmoarekin.
Kreditu kooperatibaren bazkidea izan nahi duen edozeinek, 300 eurotik aurrerako ekarpena eginez lor dezake. Edozein pertsona juridiko ere kreditu kooperatibaren kide izan daiteke, baina kasu horietan ekarpenaren gutxienekoa 600 eurotakoa behar du izan. Ekarpen horiek eskudirutan, banku- transferentziaz zein banka-igorpenen bidez egin daitezke. Sozietate-kapitalari eginiko ekarpenak FIARE proiektuaren jabetzan zati bat izateko balio dute, ez ordea inolako errentagarritasunik lortzeko.
Bost milioietako helmuga lortzeko, FIARE Proiektuari Laguntzeko Elkarteak sortu dira hainbat elkarte autonomoetan. Euskadi eta Nafarroako kasuan, ALBOANek bere egoitzak eskaini ditu sozietatekapitalaren bilketa-gune gisa. Hurbilen duzun bulego edo bilketa-gunea non den ezagutzeko, bisita ezazu FIARE fundazioaren web gunea: www.proyectofiare.com. Sozietate-kapitalerako ezarpenak egiteko inprimakiak ere web orrialde horretan aurkituko dituzu. Bestetik, Euskadiko kutxak Euskadin eta Nafarroan dituen edozein sukurtsaletan egin daitezke kapital-ekarpenak.
Ez geratu lo eta zure bankuaren jabe egin zaitez!
[Disponible una versión en castellano en: www.alboan.org]
Iturria: Alboan aldizkaria 55 zbk. Udaberria 2010